Esku Bidez taldeak antolatu du emanaldia eta euren asmoa da, hainbat pertsonak bizi kalitatea hobetzeko egiten duten mugimendu migratorioen berri ematea Azkoitian, eta horren inguruan herritarrak kontzientziatzea. CEAR-Euskadi, Zaporeak, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Salvamento Maritimo Humanitario erakundeetako boluntarioen lanaren lau adibide erakutsiko dituzte arratsaldeko ikus-entzunezkoan. Sarrera hiru eurokoa izango da. Dokumentalaren emanaldian, gainera, Izaroren kontzerturako bi sarrera zozkatuko dituzte Esku Bidez taldeko lagunek.
Izaroren kontzertua, zapatuan
Bihar, zapatua, Izaro Andres bakarlariak kontzertu solidarioa emango du Baztartxo Antzokian. 20:00etan hasiko da abeslari mallabiarraren (Bizkaia) kontzertua. Urria amaitzerako sarrera guztiak saldu zituzten antolatzaileek. Baztartxo goraino beteko da Izaro ikusteko. 600 lagun baino gehiago elkartuko dira antzokian.