Esku Bidez taldea sortu berri duzue. Nolatan?
Salvamento Maritimo Humanitario SMHri laguntza emateko taldea sortu dugu zazpi kideren artean. Ikusi dugu laguntza behar dutela; guztion arazoa da, eta herria kontzientziatu nahi dugu, antolatzen ditugun ekintzen bidez.
Zer da SMH (Salvamento Maritimo Humanitario)?
Gobernuz kanpoko erakunde bat da. 2015eko azaroan, Egeo itsasoan (Grezia) sortutako krisi humanitarioaren ondorioz sortu zen, beste irtenbiderik gabe, itsasoa zeharkatzera ausartzen diren pertsonei lagundu eta sorosteko.
Pertsonen bizitza babestea da erakundearen helburua, boluntariotzan, elkarkidetasunean, gizatasunean, unibertsaltasunean, berdintasunean, inpartzialtasunean eta duintasunean oinarrituta.
Kontzertua eta dokumental saioa ere antolatu dituzue.
Bai. Guretzat dokumentala da ekintza garrantzitsuena. Izan ere, kontzertua oso lotuta dago dirua lortzearekin, baina dokumentalarekin jendeak benetan zer gertatzen ari den ikustea nahi dugu. Gainera, dokumentalarekin batera, SMHko kide baten hitzak entzuteko aukera izango da, eta benetan merezi du entzuteak.
Taldearen helburuak lortzeko, asko al dago egiteko?
Ez dakigu lortuko dugun. Azken finean, kontzientziazioa oso lotuta dago jendearen aldez aurretiko jarrerari, eta badakigu normalean oso itxita dagoela.
Nahikoa boluntario al zaudete taldean?
Ekintza hauetarako bai, baina gerora ekintza berriak antolatzea aztertzen badugu, agian lagun gehiago beharko ditugu.
Zer eskatzen diezue herritarrei?
Taldera etortzeko eta arazoa ikusteko eskatzen diegu. Gero, bakoitzak erabakiko du lagundu nahi duen ala ez.
Aita Mari itsasontziak erreskateak egingo ditu aurrentzantzean.
Bai, Aita Mari itsasontzia orain hasiko da erreskateak egiten. Orain arte SMHk beste itsasontzi batean egiten zituen erreskateak, baina lan asko egin ondoren eta Eusko Gobernuaren laguntzarekin, euskal itsasontzi bat Mediterraneoan aritzea lortu dute.
Laguntza ekonomikoa eskatzeaz gain, laguntza humanitarioa emateko asmorik ba al duzue?
Kideetako batek itsasontzian joateko izena eman du, baina ez da hain erraza. Itsasontzi horretako eginkizun gehienek titulazio eta esperientzia bat eskatzen dute. Sukaldean aritzea da laguntzeko moduetako bat. Ea datorren urteko espedizioan joateko moduan den.