Neguko ordutegia bueltan da. Zapatutik igandera bitartean, goizaldean, ordua atzeratu egin beharko dugu. Horrela, 03:00etan 02:00ak izango dira berriz. 2001az geroztik, ordu aldaketa urriko azken igandean egin ohi da gurean. Beraz, egunak laburragoak izango dira aurrerantzean, lehenago ilundu eta argi naturaleko ordu gutxiago egongo baitira.
Azkena?
Litekeena da igande goizaldean egingo den ordu aldaketa azkena izatea. Izan ere, Europar Batasunak ordu aldaketa bertan behera uztea proposatu du. Europar Batasuneko presidenteak datorren urtetik aurrera ordu aldaketarik ez egiteko asmoa adierazi zuen duela aste batzuk. Azaldu zuenez, Europar Batasuneko estatu kideek erabaki behar dute herritarrek udako edo neguko ordutegian bizi nahi duten.