Jakintsuaren aholkua

Maxixatzen.eus 2018ko urr. 4a, 09:39

Julen Garate.

Azken boladan Maxixatzeneko aldizkarian edo Webarruen idatzi ditudan artikulu eta iritziek nahiko zalaparta sortu dute. Idazkera nahiko takarra daukadanez, erantzunak ere orokorrean ez dira goxoak izan.

 

Aho handia naizenez, jarduten duenak entzuten ere jakin behar du, horretan ez daukat inolako eragozpenik. Dena dela, azkeneko artikuluengatik nire inguruko batzuek ez dute ondo pasatu, oso gaizki ere bai kasuren batean.

Behin baino gehiagotan entzun izan diot jakintsu bati «hobea da isilik egondako poza, gehiegi jardundako pena baino». Jakintsua Agustiñe Azpitarte Zubizarreta* da.

Ingurukoek kezka gehiagorik ez izateko, Maxixatzeneko nire kolaborazio eta iritziei amaiera ematea erabaki dut, beste batzuek har dezatela erreleboa.

Hori bai, Maxixatzenek iritzi emaileen bazkaria antolatzen badu, azalduko naiz. Beti izan dut gogoa jakiteko ezizendun iritzi emaileak nortzuk ote diren eta zergatik inork ez duen bere izen-abizenekin sinatzen.

Bazkarira arte Pinpilinpauxa, HeureUstez, Perretxiko, Xakel, Xakelman, Belarralepo, Anonimo eta osterantzekoak.

Ondo bizi

*Agustiñe gure ama da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide