Lau urtetik gorako kartzela zigorra Aizpurutxon pertsona bat erasotu zuten bi lagunentzat

Maxixatzen.eus 2018ko ira. 28a, 10:30

Aizpurutxoko eskola etxea.

Aizpurutxo auzoan duela hiru urte pertsona bat erasotu zuten bi laguni lau urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra ezarri die Gipuzkoako Auzitegiak. Auzipetutako bi pertsonak Aizpurutxoko eskola etxera sartu ziren 2015eko abuztuaren 26an, eta etxean bizi zen okupa bizilaguna erasotu zuten.

 

Berri agentzien arabera, auzipetuak aurpegia estalita iritsi ziren eskola etxearen atarira. Ez zuten lortu eskola etxera sartzerik, erasotu zuten bizilagunak ez baitzien aterik ireki. Bi erasotzaileek atea indarrez zabaldu zuten eta etxera sartuta bizilaguna erasotu zuten. Lurrera bota zuten eskola etxeko bizilaguna eta eskuak lotu zizkioten plastikozko bridekin. Biktima behin eta berriz jo zuten, ebakiak egin zizkioten eta itotzeko saiakerak egin zituzten.

Erasoagatik eta eskola etxeko bizilagunari eragindako lesioengatik jaso dute auziperatuek lau urte eta hiru hilabeteko zigorra. Fiskaltzak egindako eskariarekin ados agertu ziren bi erasotzaileak, hasieran ia hamabost urteko zigorra eskatu baitzuen bi lagunentzat.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide