Oporraldiaren ostean, ikasgeletara bueltan

Maxixatzen.eus 2018ko ira. 7a, 10:55

Hasi dute ikasturte berria Floreaga Ikastetxeko eta Xabier Munibe Ikastolako ikasleek. Neska-mutilak 09:00etan elkartu dira eskoletako atarian. Batzuk hilabete askoan ikusi ez dituzten lagunekin elkartzeko pozez ziren, eta besteak gurasoengandik aldentzeko penaz. Gaurkoa aurkezpen eguna dute ikasleek.

Euria dela eta, Floreaga Ikastetxeko LHko ikasleek ez dute Urrategi auzora egiten duten urteroko txangoa egiterik izan. Juan Inazio Sudupe Floreagako ordezkariak ongietorria eman die ikasleei, eta ondoren, ikasleak ikasgelara abiatu dira aurtengo ikasturteko ikasgela ezagutzera. HHko ikasleak 10:00etan sartu dira ikasgelara. Aurten, gainera, instalakuntzak berritu dituzte haur eskolan.

Xabier Munibe Ikastolan ere, txirrinak jo bezain pronto ikasgelara abiatu dira guztiak, eta ikasleek irakasle berriei euren burua aurkeztu diete ikasgelan; udan zer egin duten ere azaldu diete. Etxeko lanak astelehenetik aurrera izango dituzte neska-mutil azkoitiarrek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide