Andramaixek 2018

Udalak andramaixen balorazio positiboa egin du

Maxixatzen.eus 2018ko abu. 22a, 20:32

Javier Zubizarreta alkatea «pozik» agertu da aurtengo andramaixetan «normaltasuna» nagusitu delako. Hau izan da, behin festak amaituta, Zubizarretak egindako balorazioa: 

 

 

«Festak –esan du alkateak- oso ondo joan dira. Jendeak behar bezala gozatzen jakin du, zentzuz eta errespetuz. Horixe da beti eskatzen duguna eta beraz, eskertu beharrean nago azkoitiarroi, inguruko herrietatik gauez gerturatu diren gazte edo helduei, eta baita kanpotik bisitan etorri direnei ere, izan duten jokabidea uneoro normaltasuna mantenduz. 

Ez da inolako intzidentzia aipagarririk gertatu eta horrek sekulako lasaitasuna eta poza eman dit. Behin ikusita ez dela gertaera tamalgarririk suertatu, eguraldia da hobetu zitekeen faktoreetako bat. Euriagatik hilaren 16 arratsaldean eta 17 goizean jarduera batzuk bertan behera utzi behar izan ziren, esaterako, Balda plazako jolas dinamikoak, Plaza Dantzak edota buruhandi eta erraldoien kalejira. Lastima da, baina ez ginateke harritu beharko. Tokirik hoberenean bizi gara, baina gutxien espero dugunean aterkia bihurtzen da gure lagunik onena. Alternatibak bilatzen saiatu gara, baina ez da beti posible izan arrazoi ezberdinengatik, batzuetan antolatzaile edo partaideek horrela erabaki zutelako, segurtasuna bermatzeko edota une hartan ez zegoelako baldintzak betetzen zituen beste espaziorik.
Edonola ere, jendea ondo pasatzera atera da kalera eta, beraz, aurtengo jaien kontakizun zoriontsu bat egin dezakegu».

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide