Andramaixek 2018

Um Blem Ble tabernaixen elkarteak «desadostasuna» azaldu du andramaixetan tabernek izango duten itxiera orduagatik

Maxixatzen.eus 2018ko abu. 13a, 20:41

Um Blem Ble Azkoitiko Tabernaixen Elkarteak «desadostasuna» azaldu du andramaixetan tabernek izango duten itxiera orduagatik. «Tabernarien elkarteak Udalari egindako proposamenak ez dituzte kontuan hartu», salatu dute elkartetik.

 

«Udal gobernuak zer nolako festak bultzatzen ditu abuztuaren 16a eta 17a jai egunak ez direla esaterakoan? Herriko festak andramaixek, eta ez direla jai egun?», galdetu dute tabernarien elkartetik. Horrez gain, udaletxeari honako galdera hau ere luzatu nahi izan diote: «Bigarren urtez jarraian, Kuadrilla Egunean, ordutegi hori zergatik eta zertarako aplikatzen dute? Ez da zentzuzkoa herriko festak izan eta taberna batzuk 05:00etara itxi behar izatea; urte osoko gainerako zapatuetan beranduago itxi izan dira taberna. Tabernariak benetan gaude haserre udalarekin, tabernariekiko ez baitu inolako begirunerik», azaldu dute haserre.

Abuztuaren 14tik 15ra bitarteko gauean, lehen mailako tabernek 03:00etan itxi beharko dute, bigarren mailako tabernek —Iturri, Etxe Aitz, Dean, Zakela eta Olaberri— 05:00etan, hirugarren mailakoek —Zurt, Atraskua, Tta-kun eta Koxka— 06:00etan, eta laugarren mailakoek —Latz eta Txalintxo— 07:00etan. Abuztuaren 15etik 16ra bitarteko gauean, lehen mailako tabernek 01:30ean, bigarren mailakoek 04:00etan, hirugarren mailakoek 05:00etan eta laugarren mailakoek 06:00etan itxi beharko dute taberna.

Abuztuaren 16tik 17ra artean, aldiz, lehen mailakoek 01:30ean, bigarren mailakoek 04:00etan, hirugarren mailakoek 05:00etan eta laugarren mailakoek 06:00etan itxi beharko dute. Abuztuaren 17tik 18ra bitarteko gauean eta festetako azken egunean, lehen mailako tabernak 03:00etan itxita egon beharko dute, bigarren mailako tabernek 05:00etarako, hirugarren mailakoek 06:00etarako eta laugarren mailakoek 07:00etarako. Taberna bakoitzak itxiera ordutik irekiera ordura bitartean sei orduko atsedena hartuko beharko duela azaldu dute tabernarien elkartetik.

Txosnen ordutegiak

Txosnek gehienez 05:00etara arteko baimena izango dute aurtengo andramaixetan. Abuztuaren 14an, musika 04:00etan kendu eta 05:00etan itxi beharko dute. Abuztuaren 15ean eta 16an, musika 03:30ean kendu eta txosna 04:00etarako itxi beharko dute. Festetako azken bi egunetan, berriz, musika 04:00etan kendu eta 05:00etan itxi beharko dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide