Azkoitiko Udalak herriaren ondare kulturala eta garapen historikoa ezagutzera emateko helburua du. Egitasmo honen barruan 'Azkoitia Ezagutzen' programa didaktikoa eskaintzen zaie herriko irakasleei, hain zuzen, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleekin herriaren garapen historikoa lantzeko material egokitua. Programa horren bitartez, ikasleek udalerriko ezagutza sakona barneratuko dute. Horretarako, Historiaurretik gaur egun arte udalerriak izan duen garapena aztertzeko material didaktikoak eskaintzen dira.
Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleei 'Aztarnak' izeneko atala zuzentzen zaie, Historiaurretik hiribildua sortu arte, eta 6. mailako ikasleei 'Letrak' izenekoa, hiribilduaren sorreratik gaur egun arte. «Baliabide erakargarriak sortu dira Azkoitiko izaerari keinuak eginez: herriko pertsonai esanguratsuak, eraikin eta leku kuttunak, ohitura zaharrak, testigantza, etabar, modu ludiko eta didaktikoan lantzeko helburuarekin», azaldu dute programatik. Adin bakoitzari egokituriko ikas-unitateak garatuz, Azkoitiko ikasleek herriaren ezagutzan sakonduko dute.