Pilotarien sehaska eraberritzen

Maxixatzen.eus 2018ko eka. 7a, 10:00

Iker Agirre, Jokin Sudupe, Iraitz Korta eta Josu Godoy antolatzaileak.

Laugarren aldiz antolatu du Kontzejupeko Txulue taldeak Pelotai Eune. Ekainaren 9rako egun osoko egitaraua antolatu dute, eta festan azkoitiar guztiek parte hartzea nahi dute; Pelotai Eune azkoitiar guztien eguna izatea nahi dute. Betidanik joan dira eskutik Azkoitia eta pilota, eta, harreman hori gaurkotuta, herritarrak festan elkartu nahi dituzte.

 

«Neketsua eta aldi berean gustagarria» dela diote Pelotai Euneren antolatzaileek. Halere, «gogotsu» ari dira prestatzen ekainaren 9an ospatuko den eguna. «Argi utzi nahi dugu Azkoitiko herritarren eguna dela eta guztien parte hartzerik gabe eguna aurrera ateratzea ezinezkoa dela», azaldu du Iraitz Kortak. Herritarrei «pilotariak janzten diren moduan» janzteko eta «egun berezi» horretan parte hartzeko deia egin diete.

Pelotai Eune antolatuta, argi gelditu da Kontzejupeak bizia hartu duela berriz ere, eta hori antolakuntzak egin duen lanaren emaitzetako bat da. Gero eta herritar gehiago ikusten da udaletxearen azpian pilotan. «Neska-mutil gehiago etortzen da Kontzejupera; gure helburuetako bat lortzen ari gara», diote antolatzaileek. «Urte batzuetan Kontzejupea triste eta hutsik ikustea tokatu zaigu», gehitu dute.

Aurtengo edizioa, ordea, berrikuntzaz josita hasi eta bukatuko da. Herriko emakume pilotari izandakoei omenaldia egingo diete, eta Reyes Azkoitiak botako du festari hasiera emango dion pelotazue. Horrekin lotuta, nesken txapelketak ari dira jokatzen lehen aldiz. Alde batetik, Master Cup txapelketan parte hartu duten pilotari nesken txapelketa dago jokoan, eta, bestetik, azkoitiar neskena. Antolatzaileentzat «sorpresa itzela» izan da nesken parte hartzea. «Herriko nesken parte hartzeak arrakasta handia izan du; gogo handiarekin eman dute izena. Datozen urteetan nesken parte hartzeak gora egingo duen esperantza dugu», adierazi dute. Zortzi bikotek eman dute izena herriko nesken txapelketarako. Bestalde, maila gorenean dabiltzan pilotari nesken txapelketa ari dira jokatzen. Sei bikotek eman dute izena, eta horien artean da Eneritz Arrieta azkoitiarra. Mutilen kasuan, berriz, 42 bikotek eman dute izena. Oteiza Pilota Kirol Elkarteko neska-mutilen pilota partidak ere jokatuko dituzte estreinakoz Kontzejupean.

Hitzaldi bat ere emango dute Ander Letamendiak eta Juan Bautista Mendizabalek, ekainaren 8an. Letamendia Azkoitiko zalduntxoa, pilotarien sendagilea eta pilotaren historian aditua da. «Azkoitiko pilotaren historiaren dokumental zoragarri bat egin du Mikel Romaratek, Letamendia eta Mendizabalen laguntzarekin, eta dokumentala botatzeko asmoarekin gaude; Romarateri eskerrak eman nahi dizkiogu egin duen lanagatik», jakinarazi dute antolatzaileek.

Aurten ere kamiseta berriak egin dituzte, gorri eta urdin kolorekoak. Azken urteetako festa gainditu nahi dute, eta, Pelotai Eune borobilduko lukeen formula zein den galdetuta, argi eta garbi erantzun dute: «Herritar guztien parte hartzeak festa handiagoa egingo luke. Herriko umeak, gazteak, helduak eta zaharrak, guztiak pilotari jantzi eta kalera irtetea nahi dugu», azaldu du Kortak. Herri bazkaria ere egingo dute, Oteiza frontoietan. Andramaixetako Kuadrilla Eguneko bazkaria prestatzen duten sukaldari azkoitiarrek egingo dute paella, eta ondoren Eusko Labelek egindako oilaskoa eta hanburgesa jango dituzte. Txotxa ere jarriko dute, eta postrea eta kopa ere eskainiko dituzte. Horrez gain, ez dira faltako musika, jolasak eta giro ona.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide