Gipuzkoako DBH 3 mailako ikasleak filma ikusi zuten hainbat zinema aretoetan. Zehazki, Gipuzkoako 56 eskoletako 3.581 ikaslek ikusi dute Kantaurialdea naturazko filma. Behin filma ikusita, bideo lehiaketa bat egin da eta ikasleek hiru kategoritan parte hartu dute: banaka, taldeka eta gelaka; 18 bideo aurkeztu dira eta horietatik hiru izan dira irabazleak. Floreagako ikasleek taldekako saria irabazi dute.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak, Gipuzkoa Naturaldia programaren baitan, Joaquin Gutierrez Achak zuzendutako eta filmatutako eta Jose Maria Moralesek ekoiztutako Kantaurialdea filma estreinatu zuen Donostian.
Abenduan Departamentuak filma euskarara itzuli eta bikoiztu zuen, «lurraldearekiko gertutasun handiago emanaz», azaldu dute lehiaketaren antolatzaileek. Honako profesional hauek hartu zuten parte filmean: Alberto Gorritiberea izan da bikoizketaren zuzendaria, Antton Garikanok egin du narrazioaren itzulpena eta Maider Segurolak jarri dio ahotsa.