Gure Esku Dagoren giza katea

Gure Esku Dagok aurkeztutako mozioa onartu du udalbatzak

Maxixatzen.eus 2018ko mai. 31a, 13:40

Atzo, asteazkena, egindako Udal Osoaren Ohiko Bilkuran, Gure Esku Dagok ekainaren 10ean Donostia, Bilbo eta Gasteiz artean egingo den Giza Kateari buruz aurkeztutako mozioa onartu zuen udalbatzak. EAJk eta EH Bilduk baiezko botoa eman zuten, Azkoitia Bai Herri Plataformak abestentzioaren alde egin zuen,  herriari dagozkion gaietan hitz egiten dutela argudiatuta; PSE-EEk, berriz, aurkako botoa eman zuen.

 

Momentuz 330 herritarrek eman dute izena Giza Katerako. Antolatzaileen arabera, 1.000 azkoitiarren parte hartze beharko da Azkoitiari egokitzen zaizkion bi kilometroak osatzeko. Honako hau da Gure Esku Dagok aurkeztutako mozioa:

Euskal herritarrok bidegurutze batean gaude: hegoaldetik datozen haize atzerakoiak ditugu alde batean, eta demokrazian oinarritutako ziklo berri bat bestean. Zein bide hobesten dugun argi adieraziko dugu ekainaren 10eko giza katean. Erronkari heltzeko prest gaude. Erabakira iritsi arte lan egiteko daukagun determinazioa erabatekoa da. Etorkizun hobe batean sinesten dugulako, ziklo berria zabaltzeko mugarria jartzera goaz. Mugarri hori urrunago edo hurbilago jarri, gure esku dago. Herritarron esku.

Egungo marko juridiko-politikoak ezartzen dituen oztopoak nahikoa ez eta egungo markoa are eta murritzagoa nahi dutenek gure erakundeak jo puntuan jarri dituzte, herritar denon oinarrizko eskubideak urratzeko inolako erreparorik gabe. Katalunian aplikatu du Espainiako estatuak aurrenekoz 155. artikulua, baina Euskal Herrian ere aplikatu dezake. Ez dezagun ahaztu.

Orain arte gatazka politikoa zena, erronka demokratiko bihurtzea lortu behar dugu.

Argi dugu, epe luzerako elkarbizitza bermatzeko ezinbesteko baldintza dela erabakitzeko eskubidea gauzatzea. Elkarrekin etorkizun demokratiko, justu eta duina eraikitzeko bidean, inoiz baino argiago dagokigu askatasunaren eta eskubide zibil eta politikoen defentsan elkarri eskua ematea. Hain justu, ekainaren 10eko giza kateak balio behar du adierazteko herri hau ez dagoela prest atzera egiteko bere asmo eta helburuetan, aurrera egiteko determinazioa duela. Halaber, etorkizuna elkarrekin eraikitzeko borondatea erakutsi behar du mobilizazioak, horrek ahalbidetuko duelako mugak eta oztopoak gainditzea eta urrutira iristea.

Euskal Herritarrok erabakitzeko eskubidea gauzatzeko ditugun milaka arrazoiak biltzen dihardu Gure Esku Dagok; horixe baita, finean, Herritarron Ituna. Erabakitzeko arrazoien bilduma; herritarren behar, ilusio, asmo eta zergatiak jasoko dituen bilduma zabala. Eta zertarako arrazoi bilketa hori? Bada, arrazoi horiei guztiei demokratikoki bide emateko, eta horretarako behar diren tresnak eta adostasun esparruak elkarrekin eraikitzeko. ‘Herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu eta herritarron garaia da’ leloetatik abiatuz, erabakitzeko eskubidea edukiz beteko dugu. Etorkizunean elkarrekin eraiki behar dugun herriari eta gizarte ereduari buruz abiatu beharreko eztabaida zabalari ekarpena egin nahi dio egitasmoak.

Abiapuntu gisa, 2019 arrazoi biltzeko asmoa dugu, 2019. urtea dugulako jomugan. Esparru anitzetan, gizarte mailan, erakundeetan, zein nazioartean egiten ari diren urrats guztiek bat eginda, datorren urtean erabakitzeko eskubidea gauzatzeko aukera berriak sortu daitezkeela sinesten dugu. Euskal Herritarrok nolako etorkizuna nahi dugun irudikatu eta eztabaidatzen hasteko unea da.

Ziur gaude erabakitzeko arrazoien bilketak lagunduko digula ikustarazten nola gauden herri gisa, eta ohartarazten zein diren gure beharrak eta gure mugak. Herri gisako erronkak eta lehentasunak zehaztu eta erabakitzeko eskubidea gauzatzeko modua adosteko unea iritsiko da orduan. Denon artean heldu beharreko erronka, eragile politiko eta sozialek eta herritarrok elkarrekin osatu beharrekoa. Horixe da GEDek aipatzen duen Herri Ituna. Eztabaida, ekarpen, proposamen eta adostasunaren bidez eraikiko dugun tresna dinamikoa izango da.

Erabakitzeko eskubidea badugu eta arrazoiak ere soberan ditugu. Gauzatzeko ibilbidea elkarrekin adostea dagokigu orain. Eta hori guztion ardura da. Herri bezala jarduteko garaia da. Elkarrekin. Ezin baitugu aukera historiko hau galdu. Ezin gara geldirik geratu. Gure garaia da. Herritarrona. Determinazio osoz goaz aurrera, herritar burujabeok eraikiko dugun herri burujabera. Jende zoriontsua izan nahi dugulako, herri libre batean. Ekainaren 10ean eman diezaiogun eskua etorkiZUnari!

Erabakitzeko eskubidea dugu! Erabakitzeko milaka arrazoi ditugu! Adostu dezagun bidea elkarrekin

Guzti honengatik, Azkoitiko Udalari eskatzen diogu, bat egin dezala Gure Esku Dagok antolatzen dituen ekimenetan eta luza diezaiola herri guztiari ekainaren 10ean egingo den giza katean parte hartzeko deialdia bertaratzeko izena emanez.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide