Eskuzko txapelketa final laurdenetan aste honetan sartuko da. Ostiralean, Hernanin, joaneko partidak jokatuko dituzte azkoitiarrek, eta kanporaketa Gurea pilotalekuan erabakiko da datorren ostiralean. Eskuzko partidak 19:30ean hasiko dira, Hernaniko Udal Pilotalekuan. Final zortzirenetan Donostia bost eta bat menderatzetik iritsiko dira final laurdenetara herriko pilotariak. Donostiaren aurka bezala, lehia estua espero da Hernaniren aurkako kanporaketan ere.
Gomazko palisten partidak, berriz, ostiralean 22:00etan jokatuko dira, Hernaniko Udal Pilotalekuan. Joanekoan herritarrek bi eta bat menderatu zituzten hernaniarrak, baina tantoen aldea hernaniarren aldekoa da —Azkoitiak 48 tanto ditu eta Hernanik 49—. Iker Epeldek hogei eta hamar irabazi zuen buruz burukoan; binaka, Igor Larrañaga eta Igor Juaristi hogei eta hemeretzi gailendu ziren; zazpi koadroren barruan, azkenik, Jokin Aizpuruk zortzi eta hogei galdu zuen.
Gainerako pilota partidak
Herriarteko txapelketaz gain, Oteiza elkarteko pilotariek hainbat txapelketa dituzte jokoan. Gaur, esaterako, Jon Oteizak eta Jagoba Urangak Zaramagako Txapelketako finala jokatuko dute. Gazte mailako partida 18:00etan hasiko da, eta Baños de Rio Tobia herriko (Errioxa, Espainia) Bobadilla eta Iñigo izango dituzte aurrean.
Horrez gain, Gurea pilotalekuan partidak jokatuko dira gaur eta zapatuan. Gaur, 19:00etan, Udaberri txapelketako infantil mailako A. Juaristik eta J. Etxanizek jokatuko dute. Zapatu goizean, berriz, lau partida jokatuko dira, 10:15ean hasita. Udaberri txapelketako partidak jokatuko dituzte kimuen mailako A. Segurola eta E. Larrañaga bikoteak eta I. Garate eta J. Larrañaga bikoteak. Azkenik, Gipuzkoako Ezker Horma txapelketako lau t'erdiko partidak jokatuko dituzte Oteiza elkarteko Olaskoaga kadeteak eta Alex Juaristi seniorrak.