Pedro Berriochoa eta Antton Valverde Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko adiskide izendatu dituzte

Maxixatzen.eus 2018ko mai. 26a, 14:35

Pedro Berriochoa eta Antton Valverde Adiskide Numerario eta Ohorezko Adiskide izendatu ditu Euskalerriko Adiskideen Elkarteak, gaur goizean, Intxausti jauregian. Ekitaldirako prestatutako bi areto goraino bete egin dira, eta bertaratutakoek arretaz jarraitu dituzte mahaikideek esandakoak.

Juan Bautista Mendizabal, Rosa Ayerbe eta Jose Antonio Etxenike mahaian zituztela, txalo artean sartu dira Pedro Berriochoa eta Antton Valverde, Asun Urzainki presidente-ordeak eta Julian Serrano idazkariak lagunduta. Juan Bautista Mendizabal presidente azkoitiarrak eman dio hasiera ekitaldiari. Jarraian, Adiskide Numerario izendatu duten Berriochoak, bere ikasgaiaren nondik norakoak azaldu ditu. Euskalerriaren Adiskideen Elkartea eta nekazaritza mundua ikasgaia azaldu du urretxuarrak. Azalpenak amaitu bezain laster, Rosa Ayerbek harrera hitzak egin dizkio Berriochoari, eta diploma eman dio. Juan Bautista Mendizabalek, gainera, domina zintzilikatu dio Berriochoari.

Pedro Berriochoa Azcarate (Urretxu, 1958) Euskal Herriko Unibertsitateko doktorea da Historian. Horrez gain, Geografian eta Historian lizentziatua da Deustuko Unibertsitatean, Antropologian lizentziatua Euskal Herriko Unibertsitatean, Nekazaritzako ingeniari teknikoa Nafarroako Unibertsitate Publikoan eta Adituan Euskal Ikaskuntzan, UNEDen.

Bere bizitza irakaskuntzari lotua egon da. EHUko Filosofia Fakultatean irakaslea izan da, Gizarte Antropologia Graduan (2012-2015). 1984. urtetik gaur arte, Bigarren Hezkuntza irakaslea izan da. Egun, Peñafloridako Usandizaga Institutuko irakaslea da.

Bost libururen egilea ere bada Berriochoa: El sector agrario gipuzcoano y ls políticas provinciales durante la Restauración (2009); Como un jardín. El caserío gipuzcoano entre los siglos XIX y XX (2013); La Escuela de Agricultura de Oñati (1851-1867) y su época (2015); Aiete: caseríos, casas y familias (2016); eta Prácticas agrarias y relaciones sociales. La Casa-modelo de Yurreamendi, 1856-1867 (2016). Gainera, hainbat liburu kolektibotan eta zenbait kongresutan hartu du parte, eta aldizkari indexatuetan argitaratu diren hogei artikulu baino gehiagoren autorea da.

Eusko Ikaskuntza kidea da Berriochoa. Horrez gain, Valentin de Foronda Gizarte Historiako Institutuko partaidea da, eta bertako Ikerketa Talde Unibertsitarioan ere parte harzten du. Bascongadan, bere Buletinari lotua egon da. Buletin horretan bere lehen ikerketa artikulua argitaratu zen 2007. Hamar urte geroago bere zazpi lan daude jasota.

Ondoren, Antton Valverde (Donostia, 1943) abeslaria Ohorezko Adiskide izendatu dute. Donostiarrak eskerrak eman ditu, eta ondoren Jose Antonio Echeniquek harrerako hitzaldia eman du. Azken horrek eman dio diploma Valverderi, eta Mendizabalek Elkarteko domina jantzi dio. Valverdek, azkenik, hiru kanta abestu ditu pianoak lagunduta: Lo kanta bat ama batentzat, Neguko gaba eta Gazte gaztetandikan. Ekitaldia Agur Jaunak abestuz itxi dute Intxaustiko bi areto goraino bete dituztenek.

Valverde abeslaria, berriz, EAEn Ohorezko Adiskide izendatu dute goizeko ekitaldian. Enpresa-teknikari ikasketak burutu zituen Donostiako EUTGn eta inprenta lanari ekin zion. Musikari dagokionez, bere garaiko abeslari gehienekin kolaboratu du, Oskarbi eta Xabier Leterekin batez ere. Poeten artean, Lete, Lauaxeta, Lizardi, Gandiaga eta abar musikatu ditu. Azken urteetan Anjel Lertxundi idazlearekin kolaboratzen du Valverdek.

Hasieran gitarraz baliatu bazen ere, azken urteetan pianoa erabiltzen du kantaldietan. Piano ikasketak bukatu eta armonia eta konposizio karrerak egin zituen Francisco Escudero maisuarekin. Euskal Herriko bazter guztietan barrena ibilia da kantaldiak ematen, eta Euskal Herritik kanpo ere Europoako zeinbat lekutan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide