Delteco Gipuzkoa Basketek Asier de la Iglesia hegal-pibot zumarragarra joan den asteazkenean aurkeztu zuen. Esklerosi anizkoitzaren kalteak pairatu arren, ez dio saskibaloian jokatzeari utzi. Ordizian jokatu du orain arte, eta EBA Ligako jokalari onena izendatu dute de la Iglesia. Porfi Fisac Delteco GBC taldeko entrenatzaileak jakinarazi du, de la Iglesia hasierako bostekoan kantxaratuko duela.
Fitxaketarekin, Delteco Gipuzkoa Basket taldeak eta Asier de la Iglesia jokalariak gaitzaren inguruko informazioa zabaldu nahi dute, eta ikerketarako funtsak lortu. Bide batez, gaitzak zoriontasuna ez duela eragozten erakutsi nahi du de la Iglesiak. Esklerosi Anizkoitzaren Nazioarteko Egunaren —maiatzak 30— atarian Endesa Ligan debuta egiteko aukera izango du Azkoitiko bizilagunak.