Xabier Aldalur Erniarraitz Bertsozale Elkarteko bertsolariaren agurrarekin hasi da gaurko aurkezpena. Ondoren, Josune Herrartek testu bat irakurri du musikak lagunduta, eta segidan Giza Katean parte hartzeko arrazoiak zein diren azaldu dituzte. Giza Katea ekainaren 10ean izango da, 12:00etatik 12:30era bitartean. Azkoitiarrek Arroa inguruko bi kilometro —40 eta 41 kilometroak— bete beharko dituzte, eta kilometro horiek betetzeko 1.000 lagun ingururen parte hartzea beharko dutela azaldu dute antolatzaileek.
Hiru hiriburuak lotzeko 100.000 lagun ingururen parte harztea beharko dela jakinarazi dute Azkoitiko Gure Esku Dagotik. 38 herri zapalduko ditu Giza Kateak. 3.000 boluntario, 1.200 autobus, zortzi kamera eta bi helikoptero arituko dira lanean ekainaren 10ean. Esan dutenez, autobusetan joatea komeni da, eta horretarako zazpi euro ordaindu beharko dituzte azkoitiarrek. Bi urtetik beherako haurrek, gainera, autoetako aulkitxoa eramatea beharrezkoa izango dute. Antolatzaileek Azkoititik 14 autobus irtengo direla aurreikusi dute. Autoz joateko hautua egiten dutenek 13:00 arte ezingo dute mugitu ibilgailurik, lehentasuna autobusek izango baitute.
Azkoitiko Gure Esku Dago sinadurak biltzen hasita dago, eta momentuz 200 herritarrek sinatu dute Giza Katean parte hartzeko. Ostegunetan, pintxo-pote garaian, eta zapatu eguerdietan sinadurak biltzeko mahaia ari da jartzen antolakuntza. Gazte talde batek ere, sinadurak biltzeko konpromisoa hartu du, eta mahaia herriko plazan jarriko dute. Giza Katean parte hartzeko bost euro ordaindu behar dira. Ordaindu ondoren, Giza Katean erabiltzeko zapi bat jasoko dute izena emandakoek.
Amaitu aurretik, Giza Katearen aurreko ekintzen berri eman dute. Datorren zapatuan, bizikleta ibilaldia egingo dute liburutegitik abiatuta, eta ondoren txosna jarriko dute plazan. Maiatzaren 26an, bestalde, Klik Eguna ospatuko dute. Dantzariek, bertsolariek eta trikitilariek alaituko dute herria. Umeentzako jolasak ere egingo dituzte, eta txosna irekita izango da egun guztian.