Guztira, hamar herritako gaztetxoak bilduko dira Azkoitiko plazan: Azkoitia, Azpeitia, Errezil, Zestoa, Zumaia, Getaria, Zarautz, Urretxu, Zumarraga eta Legazpia.
Futbol partidak herriko plazan izango dira, bertan belar artifizialeko bi futbol zelai txiki jarriko baitituzte. 5 urtetik 11 urte bitarteko Urola Kostako gaztetxoek parte hartu ahal izango dute —2007tik 2013 urteetan jaiotakoak, urte horiek barne—.
Izena emateko epea irekita dago maiatzaren 27ra arte, Azpeitia Cup txapelketako web orrian dagoen formularioaren bidez edota Plaza Berri Sport dendan eta Azpeitiko Halcon Bidaiak agentzian. Jokalari bakoitzeko 10 euro ordaindu beharko dira. «Iaz 130 taldek hartu zuten parte eta dagoeneko 90 talde ditugu izena emanda», azaldu du Mikel Rodriguez Azpeitia Cupeko lehendakariak. «Uste dugu aurten ere iritsiko garela iazko parte-hartze mailara eta gainditu ere bai», gaineratu du.
Lau jokalariz osatu beharko dira taldeak —hiru jokatzen eta ordezko bat—. Hamar minutuko partidak izango dira, atsedenik gabe. Talde bakoitzak bost neurketa jokatuko ditu, eta jokalari bakoitzak txapelketako kamiseta eta domina jasoko ditu.
Nahi duten ume guztiek parte hartzeko aukera izan dezaten, umeen izen-ematea egitean, lau jokalariz osatutako taldea edo osatu gabe eman ahalko dute izena. Horrela, umeren bat talderik gabe egongo balitz, antolakuntza bera arduratuko litzateke falta diren taldeak osatzen.
Bestalde, antolatzaileek aurreikusita dute Xabier Munibeko jaialdia izango dela hilaren 22an, ostiralean, eta, beraz, egun horretan ez dute Xabier Munibeko taldeen partidarik ipiniko.