Eskuzko eta gomazko pala partidak hiru egunez jarraian, Gurean

Maxixatzen.eus 2018ko mai. 10a, 09:10

Azkoitiak Gipuzkoako Herriarteko gomazko pala txapelketa hasiko du etzi, zapatuan. Lehen aldiz antolatu dute gomazko pala txapelketa, eta herritarrek 17:00etan hasiko dituzte partidak, Gurea pilotalekuan. Partidak ikusteko sarrera doan izango da. Horrez gain, gaurtik larunbatera arte modalitate desberdinetako eskuzko partidak ere jokatuko dira.

 

Marcos Azpiroz, Iker Epelde, Jokin Aizpuru, Igor Juaristi eta Igor Larrañaga palistek Amasa-Billabonaren aurka jokatuko dituzte partidak. Final zortzirenetako joaneko partidak izango dira Gurean jokatuko direnak, eta lehenik buruz-buru, ondoren, zazpi koadroren barruan banaka, eta azkenik, binaka aritu beharko dute. Final laurdenetara sailkatuz gero, Hernani-Deba kanporaketako irabazlearen aurka jokatuko dute azkoitiarrek.

Eskuzko partidak, zapatura bitartean

Gaur hasi eta zapatura arte, eskuzko pilota partidak jokatuko dira Gurean. Alebin mailako partidetatik hasita, nagusien mailara arteko partidak jokatuko dituzte pilotalekuan. Gaur, 19:15etik aurrera, Gipuzkoako Ezker Horma Txapelketari dagokion lau t'erdiko partidak jokatuko dituzte Jon Juaristik, Zendoiak eta Alex Juaristik.

Bihar, ostirala, txikienen txanda izango da. 19:00etatik aurrera, Udaberriko Eskuz Binakako Txapelketako partidak jokatuko dituzte J. Garate eta J. Larrañaga alebinek eta J. Etxaniz eta A. Juaristik. Kadete mailako Olaskoagak eta Iñaki Azkoitiak, berriz, lau t'erdiko Ezker Hormako Txapelketako partidak jokatuko dituzte.

Zapatuan ere lau t'erdiko partidak izango dira. 10:30ean hasiko dira pilota partidak, Gurean. Iñigo Oteiza jubenilak eta Oñederra, Aitor Azkoitia eta Unanue nagusiek Gipuzkoako Ezker Hormako Txapelketako partidak jokatuko dituzte.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide