Zumaia edo Donostia izango da Azkoitiaren aurkaria Herriarteko Txapelketan

Maxixatzen.eus 2018ko api. 26a, 08:52

Petritegi Sagardotegian izan zen aurkezpena. (Argazkia: Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioa)

Atzo aurkeztu zuten 2018ko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa, Petritegi Sagardotegian. Gipuzkoako eskuzko Herriarteko Txapelketa hurrengo asteburuan, maiatzak 6, hasiko da. Azkoitiak, ordea, maiatzaren 20ko asteburura arte itxaron beharko du txapelketan hasteko. Zumaia-Donostia arteko kanporaketan aurrera egiten duena izango da azkoitiarren arerioa.

 

Final zortzirenetako partidak Zumaian edo Donostian hasiko dituzte azkoitiarrek, maiatzaren 20an. Maiatzaren 27ko asteburuan jokatuko dituzte herriko pilotariek Gurea pilotalekuan itzulerako partidak. Final laurdenetara iritsiz gero Hernani edo Altzo izango dute aurkari, baina aurrez zumaiarrak edo donostiarrak kanporatu beharko dituzte azkoitiarrek.

Aurtengo txapelketan 18 herrik eman dute izena Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan. Azkoitiak, guztira, 51 aldiz hartu du parte Herriarteko Txapelketan. 16 aldiz jantzi dute txapela Azkoitiak, eta sei aldiz izan da Gipuzkoako azpitxapeldun. Finala ekainaren 30ean jokatuko da.

Gomazko paletan lehen aldiz

Aurten, lehen aldiz, Azkoitiak gomazko paletako Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan hartuko du parte. Final zortzirenetan hasiko du txapelketa Azkoitiak, Amasa-Villabonaren aurka, maiatzaren 13ko asteburuan. Itzulerakoa kanpoan jokatuko dute azkoitiarrek. Final laurdenetara sailkatuz gero, Hernani-Deba kanporaketako irabazlearen aurka jokatu beharko dute pilotariek. Finala ekainaren 24an jokatuko da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide