Xabier Munibe haurreskolan matrikulatzeko epea apirilaren 30ean irekiko da

Maxixatzen.eus 2018ko api. 19a, 12:26

(Argazkia: Xabier Munibe haurreskola)

Azkoitiko Xabier Munibe haurreskolak matrikulazio epea ireki du. Apirilaren 30etik maiatzaren 11ra bitartean izango da. Epe hori zehaztu duten arren, ikasturtean zehar ere posible da matrikulatzea. Haurra matrikulatzeko jaiota egotea behar beharrezkoa da, eta bertan hasteko gutxienez 16 aste izan behar ditu.

 

Matrikulazio epearen aurretik, apirilaren 25ean, 18:00etan, ate irekien eguna izango da Azkoitiko Xabier Munibe haurreskolan. Zortzi gela ditu eta 0-2 urte bitarteko haurrei zeuzenduta dago. Haurreskola goizeko 07:30etik arratsaldeko 17:00ak arte zabalik egoten da. 0-1 urteko gela zortzi haurrez osatua dago, eta bi hezitzaile arduratzen dira. 1-2 urteko gela 13 haurrez osatua dago, eta gela horretan ere bi hezitzaile arduratzen dira.

«Gure haurreskola hezitzailea da, haurren oinarrizko beharrak asetzeaz gain, txiki txikitatik beste hainbat arlo lantzen baitira; sozializazioa, balore eta arau ezberdinen barneratzea, autonomia, oreka emozionala, komunikazioa eta abar», azaldu dute haurreskolatik.

«Material aberats zein ezberdinen bidez, Azkoitiko haurreskolan haurren garapen kognitibo eta psikologikoa lantzen dugu», jarraitu dute arduradunek. «Pertsona bakoitzaren izaera haurtzarotik hasten da garatzen. Horretarako, kanpo zein barne espazio zabalak erabiltzen ditugu. Aurten estrainatu dugun kanpo espazio estaliak —proiektuaren lehen zatia— aukera zabalak eskaintzen dizkigu guzti hori aurrera eramateko», azaldu dute.

Matrikulako imprimakiak jasotzeko edota edozein informaziorako, Auzmendi Bidean dauen haurreskolara joateko gomendioa egin dute. Horrez gain, 943 08 07 37 telefono zenbakira deitu edota azkoitia.azkoitia@haurreskolak.eus helbide elektronikora idazteko aukera ere badago.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide