Zergatik duzue hizpide bizikidetza?
Bizikidetza egunero nahi gabe edo kontzienteki lantzen dugu, eta gure herrian min ugari dugu oraindik. Egoera ezberdinetan sortutako minak izan arren, oso antzekoak dira eta denok ikusi edo bizi izan ditugu min horiek, gure memoriaren parte dira eta gure minak dira. Hitz egiteko beharra sentitzen genuen, gure memoria eta gure minak azaleratzeko behar bat, eta hori izan da arrazoia Bizimiñak sortzeko.
Zerk inspiratu zaituzte gai horrekin lan egitera?
Ion Maiak Kantu bat gara poesia errezitatu zuenean Belodromoan asko hunkitu ninduen, niri eta beste askori. Eta gizartearen erreakzio hark ohartarazi ninduen nik sentitzen nuen hitz egiteko beharra ez zela bakarrik nirea. Hitz egiteko beharra dugu, urte asko izan dira isiltasunean pasatu ditugunak.
Bi aktorek antzeztuko duzue obra. Nolakoak izan dira entseguak?
Antzezlan hori sortzeko, aurrena asko entzun dugu. Alde batetik hamaika elkarrizketa egin ditugu, hori baita kontatzen dugunaren muina: bizipen ezberdinak pertsonengandik kontatuak. Eta beste aldetik, gu gaude, gure bizipenak, guk bizitutakoak, gure kultur adierazpen ezberdinak, gure memoria, azken finean. Hori guztia batuz eta jolastuz sortu dugu obra, Maddi, Dani eta nire artean.
Maddi eta Dani Irazokirekin nolako harremana izan duzu sortze prozesuan?
Maddi margolaria da, nahiz eta antzerkian ere eskarmentua izan; Dani musikaria da eta ni, berriz, antzerkilaria. Oso polita izan da bakoitzak nola eraman duen gaia bere adierazpen esparrura ikustea eta nola hiruok besteen esparruan murgildu garen sentitzea. Denok jolastu gara elkarrekin eta oso modu naturalean sortu da dena.
Zer kontatzen da Bizimiñak antzerkian?
Gatazka armatuak. Gure herrian utzi dituen min ezberdinak kontatzen dira, beti ere pertsonatik kontatuak, inongo mezu ideologikorik gabe, erantzunik gabe eta errespetutik. Egoera ezberdinez osatutako esketx txikiak dira, eta horien tarteetan hiru testigantza erreal entzuten dira, preso baten alabarena, ETAko biktima baten semearena eta ETAkide ohi batena. Hori guztia antzeztuz, margotuz eta musikarekin nahastuta.
Nolakoa da obra? Nola deskribatuko zenuke?
Ez da antzezlan ohiko bat, hau da, ez du istorio bat kontatzen, istorio txiki asko kontatzen ditu, egoera ezberdinak azaleratuz. Gaia izan da guretzat garrantzizkoa. Gaiak mila ertz ditu eta gu ertz guzti horietan jartzen saiatu gara.
Antzezlanak badu umoretik, baditu momentu biziak, goxoak eta gogorrak ere. Guk bizi izan dugun errealitatea besterik ez dugu kontatzen, nahiz eta, askotan oso fikziozkoa iruditzen zaigun distantziatik begiratuta.
Zein dira transmititu nahi dituzuen mezuak obra horren bidez?
Guk ez dugu mezu bat zabaldu nahi, guk behar bat genuen: hitz egiteko beharra eta entzuteko beharra. Eta herri honetan behar hori badela sentitu genuenez, gure terapia egin dugu, ditugun adierazpide moldeetan, gure memoriari, gure sentipenei hautsak kendu dizkiogu eta, ingurukoei entzunez, gure zauriak arindu ditugu. Hala ere, mila zalantza eta galdera geratu zaizkigu.
Bestalde, zerbait ikasi badut prozesu honetan entzutearen garrantzia izan da, elkar entzutea; entzutea besterik gabe, zein garrantzitsua den.
Itziarren zenbatgarren obra da Bizimiñak?
Lanbide modura hirugarrengo antzezlana dut, aurrena umeentzako antzezlana Maddi eta Antton izan zen, bigarrena Eskutitzak eta oraingoan Bizimiñak.
Zer ematen dizu antzerkiak?
Nik antzerkiarekin terapia egiten dut: nire barruan edo inguruan ditudan kezkak, galderak, tabuak eta sentimenduak ateratzeko modu bat da niretzat. Askotan, nor naizen ezagutzeko modu bat.
Nola dago gaur egun antzerkigintza?
Euskal antzerkigintza oso oparo ikusten dut, gauza asko eta oso onak ikusteko aukera dago momentu honetan. Asko gozatzen dut besteak ikusten, eta azken boladan antzezlan oso gomendagarriak daudela uste dut.
Nola ikusten duzu Azkoitian antzerkia?
Badira antzerki zaleak, eta, gainera, azken urteetan bi antzerki talde ere badaude herrian. Zaletasuna badela esango nuke. Programazioa ere badago, eta badirudi gero eta sarriago dagoela gainera. Baina, ausardia pixka bat falta zaio programazio moldeari. Gazteak zaletzeko betiko moldeetatik ateratzen diren antzezlanak programatu beharko liratekeela uste dut.
'Bizimiñak': fitxa artistikoa
Zuzendaritza Itziar Elias, Maddi Irazoki, Dani Irazoki
Antzezleak Itziar Elias, Maddi Irazoki
Marrazkilaria Maddi Irazoki
Musikaria Dani Irazoki
Testuak Itziar Elias, Maddi Irazoki, Dani Irazoki, Onintza Enbeita
Irakurri antzezlanaren inguruko informazioa, hemen.