Iban Larrañaga Sagardoaren Txapelketaren final laurdenetarako sailkatu da

Maxixatzen.eus 2018ko api. 9a, 13:03

Iban Larrañaga, erremontista.

Joan den zapatuan jokatu zuten final zortzirenetako kanporaketa Erremonteko Sagardoaren VIII. Txapelketan, eta Iban Larrañaga Goenaga (Azkoitia, 1992) final laurdenetarako sailkatu da, Matxin III.a bikotearekin batera. Apirilaren 14an jokatuko dute final laurdenetako kanporaketa Uterga eta Zubiri bikotearen aurka.

 

Joan den asteburuko kanporaketa hori 40 eta 20 irabazi zioten Petritegi sagardotegia ordezkatzen duen Goikoetxea V.a eta Ion bikoteari, Galarreta pilotalekuan. Goikoetxea V.ak ordezkatu behar izan zuen Otaegi, azken hori gripeak jota zegoelako.

Txapelketako lehen fasea B multzoko hirugarren postuan amaitu zuten Setien Sagardotegia ordezkatzen duten Matxin III.ak eta Iban Larrañaga azkoitiarrak. Final zortzirenetako kanporaketak jokatu ostean, berriz, lehen postuan dago Larrañaga.

Final laurdenetako irabazleek multzoko buru direnen kontra jokatuko dituzte finalerdiak, apirilaren 21ean. Finala, berriz, apirilaren 28an izango da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide