«Iaz Hizkuntza Eskola Ofizialak Azkoitian gelak zabaldu zituenean, Udaletik osagarriak izan zitezkeen aktibitateak antolatzea erabaki genuen. Amaieran egindako balantzea positiboa izan zen eta aurten errepikatzea nahi dugu. Azkoitian gehiengoa euskaraz bizi da eta hori da sustatu nahi duguna, baina horrek ezin gaitu itsutu. Lan merkatuan sartzeko, hizkuntzen ezagutza eskakizun garrantzitsua da eta horretan lagundu nahi dugu ekimen hauekin», dio Marijose Arregi Euskara eta Hezkuntza zinegotziak.
Egitarauari hasiera ostiral honetan emango zaio, hilaren 23an. Eric Goldman jatorrizko ingeles hiztunak Inmigration In and Out of Basque Country hitzaldia emango du. Hitzordua 18:30ean izango da Gaztanenea Formakuntza Zentroan.
Ostiral honetakoaz gain, apirilaren 13an eta maiatzaren 18an beste bi hitzaldi izango dira ingelesez: Music and Songs from Ireland&Beyond eta The Pros and Cons of Dubbing, hurrenez hurren.
Alemanez hitzaldiak apirilaren 12an eta 26an izango dira: Typisch Österreich: Dirndl und Lederhose eta Österreich, das Land der Musik: von Waltzer bis zu Austropop.
Ikastaroak
Ikastaroei dagokienez, apirilean ingeleseko ikastaro bat eskainiko da. Bidaiatzekoan erabili ohi diren oinarrizko hitz eta esamoldeak erakutsiko dira. Ekainean, alemaneko ikastaroa emango da hasiberrientzat. Ikastaroak ere doakoak dira baina aurrez izena eman behar da Gaztanenea Formakuntza Zentroan (943 54 16 50 / gaztanenea@azkoitia.eus).
Holiday English Course ingeleseko ikastaroa B1/B2 mailakoa izango da eta apirilaren 3tik 6ra emango da, 10:00etatik 11:30era. Martxoaren 28a da izena emateko azken eguna.
Alemaneko ikastaroa, berriz, ekainaren 4tik 6ra izango da, 17:30etik 19:30era. Hau hasiberriei zuzenduta dago eta maiatzaren 28a baino lehen eman beharko da izena.
Chit Chat bar-hop
Egitaraua osatzeko pintxo-potea antolatu da. Ingelesa praktikatzeko aukera izango da jatorrizko ingeles hiztun batek lagunduta. Apirilaren 12an, maiatzaren 10ean eta ekainaren 14an egingo da. Taldea Gaztanenean bilduko da 19:30ean.