Marea Urdinak M8aren inguruan bidalitako gutuna: 'Munduaren zatirik politena'

Maxixatzen.eus 2018ko mar. 8a, 14:27

Marea Urdinak, Martxoaren 8a baliatu nahi izan du, emakumeek egitasmoari eman dioten laguntza eta babesa gutun baten bidez eskertzeko. Ordezkariek gutunean azaldu dutenez, emakumeen eskutik iristen zaizkien sorpresarik gabeko egunik ez dute izan, eta horregatik, gaurko eguna baliatu nahi izan dute eskerrak emateko. Jarraian gutuna:

 

«Gaur, Martxoak 8 guztietan bezala, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatuko da, baina aurten benetan berezia izango da, emakumeak gizartean duten pisua azaleratzeko beren egitekoak alde batera utziko dituzte, horrela mundua geldiaraziz.

Marea Urdina egitasmoa martxan jarri bezain pronto ohartu ginen, emakumeek gizarte honetan betetzen duten paper garrantzitsua zein zen. Dakizuen bezala gure egitasmoa autismoaren aldeko sentsibilizazio ekimen bat da eta berau aurrera eraman ahal izateko ate ezberdin asko jo behar izan ditugu, eta oraindik jotzen ari gara; bagenekien horrela izango zela.

Artikulu hau, ordea, beste ate batzuetaz hitz egiteko da, hasiera-hasieratik alderik-alde irekiak izan ditugun ateez hain zuzen ere. Are gehiago, gu hurbildu beharrik izan ez dugun ateez ari gara, non ate barruan dauden pertsonak irten diren guregana, eskua luzatu eta laguntza eta babesa eskaintzera.

Pertsona horiek guztiek gauza bat izan dute amankomunean: ia guztiak emakumeak izan direla. Guregana gerturatu eta bere laguntza eman digute bakoitzak bere lan esparrutik: gerente, idazkari, sendagile, erizain, irakasle, supermerkatuko langile, korrikalari, abeslari, kazetari, optika, etxeko ardura duten amak…

Irudian (Alaitz, Lilatoiko helmuga zeharkatzen)

Nahiz eta Marea Urdinetik aspalditik genuen gogoa publikoki emakumeoi eskerrak emateko, gaurko eguna baliatu nahi dugu horretarako.

Zuen lan uztearekin mundua geratu nahi duzue, beharbada ez duzue guztiz lortuko, beharbada zatitxo bat izango da, baina ziur gaude geratuko duzuen zatitxo hori munduaren zatirik politena izango dela, besteei laguntzera dedikatzen dena hain zuzen ere.

Munduan betetzen duzuen zati garrantzitsu hori ezagutu eta ezagutzen ari gara Marea Urdinetik. Zuen eskutik iristen zaizkigun sorpresarik gabeko egunik ez da gurean. Gure aldetik bihotz-bihotzez eskerrak eman nahi dizkizuegu, gaur bereziki zuei, emakumeei.

Eskerrak eman nahi genizkieke bereziki:


Maje, Inma, Josune eta Txaro (Xabier Munibeko irakasle terapeutikoa, irakaslea, laguntzailea eta orientatzailea, hurrenez hurren) Marea Urdinari laguntzeko bakoitza itsas milia banaren jabe egin da.



Aloña (Izpi Optika) Marea Urdinaren babesle bilakatu da hasiera hasieratik.


Jaionek, Hegalak Zentroko gerenteak (Donostia), bere kolaborazio osoa eskaini digu gure produktuak saldu eta Hegalakeko instalazioa zeharkaldi egunean erabiltzeko.



Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioak bebesle gisa laguntzen digu (Zuzendaritza osoa emakumez osatua).


Isabelek, Hegalak Zabalik Fundazioko Arduradun Teknikoak, Marea Urdinaren babesle izateko asmoa adierazi digu.



 

Gabon eskean irten zen Azkoitiko ama talde batek ateratako diru guztia Marea Urdinari dohaintzan eman dio, beraiena da 16. itsas-milia.


Emakume korrikalarien Ttipi-Ttapa taldeak (40 emakume) diru bilketa bat egin ondoren, 19. itsas milia erosi du.


 

Mutrikuko parkeko Ama talde batek diru bilketa egin du eta Marea Urdineko lehen itsas-milia erosi du.


Lilatoian ere gurekin gogoratu ziren Azkoitiko emakume taldeari, lasterketa osoa gure banderekin egin zutelako, eskerrik asko.





 

Azkoitiko Lidl-eko langileak (17 emakume) beraien artean diru bilketa bat egin dute eta Marea Urdinaren 18. itsas milia erosi.



Inauterietako gaupasa egunean izaten den Azpeitiko Bandaren Goiz Eresian, Amaia eta bere familiari esker egon ginen.





Aneri esker (medikua) Ordiziko Nazioarteko Igeriketa Txapelketan Marea Urdinak presentzia esanguratsua izatea lortu genuen, Euskal Telebistaren bidez zabalduz gure mezua.





Olatzi esker (hitzen eta soinuen mireslea) Marea Urdinaren abestiak ahots zoragarria izango du.

Emakume horiengatik eta guztientzako, gaurko egunez Marea Urdina morea izango da gure logoa aldatuz. Mundua hobeagoa egiten duzuelako, gora zuek!»

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide