Zapatuan jokatuko da Anaitasunaren eta Lagun Onaken arteko derbia

Maxixatzen.eus 2018ko mar. 6a, 12:42

Anaitasunak Lagun Onaken aurka Garmendipen jokatu zuen derbia. (Argazkia: Maialen Arzalluz)

Datorren zapatuan, 17:00etan, Anaitasunaren Hirugarren Mailako taldeak Lagun Onaken aurkako derbia jokatuko du Txerloian. Gorrixek «giro beroa» espero dute zapatuan Txerloian, eta sarrerak ostiralean jarriko dituzte salgai.

 

Egoera desberdinean iritsiko dira Anaitasuna eta Lagun Onak Txerloiko derbira. Gorrixek sailkapeneko 18. postuan daude, 22 punturekin, jaitsiera postuetatik irteteko bi puntura. Anaitasuna «itxaropentsu» da zapaturako, 2018an etxean «itxura sendoa» ari baita ematen. Aurrera Vitoriaren aurka lortu zuten azken garaipena etxean gorrixek, baina orain dela bi aste play off postuetako beste talde baten aurka, Beasainen aurka, hiru puntuak lortzetik gertu izan zen Anaitasuna. Azken unean egin zion ihes garaipenak.

Lagun Onak, berriz, zazpigarrena da, play off postuetatik bost puntura. Azken sei asteetan bi garaipen, bi berdinketa eta bi porrot jaso dituzte azpeitiarrek, eta denboraldi guztian galdu dituzten zazpi neurketetatik bost etxetik kanpo galdu dituzte.

Derbirako sarrerek, Azpeitian bezala, 15 euro balioko dute Azkoitian ere, baina Anaitasunako bazkideek ez dute aparteko ordainketarik egin beharrik izango partida ikusteko. Derbiak bi herrietan duen oihartzuna ikusita, Anaitasunak ostiralean irekiko du leihatila, 18:30etik 19:30era. Zapatuan ere goizean irekiko dute, 11:00etatik 12:00etara eta zapatu arratsaldean 16:15etik neurketa hasi arte.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide