Jolaserako parke estalia

Maxixatzen.eus 2018ko ots. 27a, 21:07

M. Karmen Elorzak parke estaliaren inguruko gutuna bidali dio Maxixatzeni. Uste du Gamundiñeko berdegunea ez dela egokia jolastokia eraikitzeko, besteak beste, «herria zatartu besterik ez lukeelako egingo». Jarraian gutuna irakurgai:

 

«Herritar bezala eta nire herria asko maite dudalako egon ezina sortzen dit parke estaliaren kokapenari buruz udaletxeko 'batzuk' hartutako erabakiak. Gamundiñeko Etxe inguruan, lehen parke irekia dagoen ondoan, egingo dela esan baitute.

Ondoren aipatuko ditudan arrazoi desberdinengatik ez dut leku hori inolaz ere egokia ikusten:

1. ESTETIKA

Gaur egun dagoen bezala txoko hori herriko politenetakoa da, librea, alaia, etxe eta zuhaitz ederrekin. Herri erdigunean dagoen leku bakarrenetakoa belar zatitxoekin, orokorrean dena harri grisez estalita baitago herri osoa.

Horren aurrean hau diot: Berdegunea, natura zati bat, kendu eraikin estali bat egiteko? Honek ingurua edertuko duelakoan? Herria zatartu beharrean, gero eta ederragoa egitea izan beharko luke udalaren helburua, ezta?

2. LOGIKA ETA ETIKA

Erabaki hori hartzeko udaletxeko horiek eman duten arrazoi bat erdigunean kokatuta egotea izan da. Nola esan daiteke hori herriko adineko pertsonentzako EGOITZA herritik kanpo dagoenean?

Ibiltzeko eta mugitzeko zailtasuna duten pertsonak herriko bizitzatik kanpo BIZI dira bere etxebizitza erdigunetik urruti dagoelako, eta herrira gerturatu nahi badute garraioa hartu beharrean aurkitzen dira.

Eta, sasoi onenean dauden pertsonentzat, denbora-pasa ibiltzeko, herriko erdigunea leku egokiena ikusten dute udaletxeko gure ordezkari diren horiek? Ez al dago beste lekurik? Bi pauso gehiago emateko zailtasunak ote dituzte haur, guraso gazte eta sasoiko aittitte-amamek?

3. DATUEN FALTA

Nire iritzi horiek eta proposamenak udaletxean agertu ondoren, erantzun bezala jaso dut herritarren gehiengoaren nahia betetzen saiatu direla. Hori horrela izango balitz arrazoi hori onartuko nuke, hori baita 'DEMOKRAZIA'. Baina, horren aurrean nire galdera da: ZERTAN oinarritzen dira hori esateko? Non dago galdeketa hori? Non daude datuak?

Badirudi ni beste herri batean bizi naizela. Gai horretaz hitz egin dudan pertsonetatik (asko eta adin desberdinetakoak) inori ere ez diot entzun Gamundiñeko leku hori egokiena denik. Erabat pentsatzen dute eraikin berri horrek, munduko politena izan arren, leku horretan egiteak herria zatartu besterik ez lukeela egingo.

Galdeketa hori herrian egina badago bere emaitzak datu guztiekin publiko egin beharko lirateke jendearen mesfidantza eta zurrumurruak ekiditeko. Emaitza horiek azaltzen badute Gamundiñeko leku hori herritarren gehiengoak erabakitakoa dela, ez dago beste ezer esaterik. Baina, hori bai, argi eta garbi azaldu datuak herriaren aurrean. Eskertuko nuke.

Herria denona da eta zain dezagun. Zer deritzozue»?

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide