Datorren astean hasiko dituzte hustutze lanak Idiakez Ederra Etxean

Maxixatzen.eus 2018ko ots. 23a, 09:38

Idiakez Ederra eraikina.

Idiakez Etxearen barrukaldea husten hasiko dira datorren astean, eta horretan hasi aurretik obretarako ateak jarri eta fatxada nagusia ezkutuan uzten zuen oihala kendu dituzte Udaleko langileek.

 

Lanek hiru hilabete inguruko iraupena izango dela estimatzen da. Hasteko, eraikin barruko hondakinak kendu eta eraikina hustu egingo dute. Bestalde, behin-behinekoz, etxearen estalkia babestuko dute, urik sar ez dadin eta arriskutsuak suerta daitezkeen zulo eta tarteak ziurtatuko dituzte. Obrak Azpeitiko Txikerra enpresari esleitu zaizkio 130.855 eurotan.

Javier Zubizarreta alkatearen esanetan, «prozesua luzea izaten ari da izugarrizko sukalde-lana zegoelako atzean. Kanpotik fatxada bat eta aldamioak ikusten dira bakarrik, baina oinordetan jaso genuen egoera desblokeatzeko, etxearentzat irtenbide bat bilatzeko eta birgaitze prozesua abian jartzeko, Idiakez Ederrari eskaini behar izan diogun dedikazioa ez sinestekoa da. Baina, tira, etenik gabe aurrera doa. Egia da oraindik itxaron beharko dugula bertan Visesak babestutako 14 etxebizitzak eraikitzeko, baina dena itxita eta adostuta dago. Etxebizitzak eraikiko dira eta azpian pertsona nagusiei zuzendutako hiritar-zentroa eraikiko da».

Obrek eragindako trabengatik trafikoarentzat Kale Nagusia itxi beharko balitz, Parrokia aurreko biribilgunerantz bideratuko lirateke ibilgailuak.

Prozesu luzea eta konplexua

Idiakez Ederra etxea 2009a ezkeroztik sostengatzen zuen aldamioa erosi zuen Udalak —bertan bizi ziren familiei 2005ean etxetik ateratzeko agindu zitzaien—. Udalak 6.027 euro ordaintzen zituen hilero aldamioaren alokairuagatik, eta hori dela-eta aldamioa erostea erabaki zuen. Aldi berean, Udala jabeekin negoziaketetan hasi zen.

2016ko irailean sinatu zuten aurreneko etxejabeek eraikina Udalari emateko hitzarmena. Jabetzaren %40 zen. Aldi berean, Udalak Visesarekin eraikinarentzat irtenbide bat adostu zuen: babestutako etxeak egitea Idiakez Ederra Etxean. Visesaren Administrazio Kontseiluak 2016ko urrian izenpetu zuen erabakia. Eraikinaren jabetza %100ean Udalaren esku 2017ko apirilean geratu zen, jabegoa zuen azken familiak hitzarmena sinatuta.

Maxixatzenek Idiakez Ederra eraikinaren inguruko erreportaje zabala landu zuen 2017an. Etxejabeekin ere izan zen, haien iritzia ezagutzeko. Hona hemen elkarrizketak:

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide