Etxebeltzaren aurrean, zuri

Maxixatzen.eus 2017ko mai. 17a, 11:28

Idiakez Ederra eraikina.

Urte luzeak behar izan dira Idiakez Ederrari irtenbide bat bilatzen hasteko, eta ur asko mugitu ditu gaiak. Eraikinaren historiako pasarterik beltzena izan da. Paper arteko erabaki asko behar izan dira; orri horietan jasotakoarekin ados batzuk, aurka besteak. Iritzi eta ikuspuntu asko sortu ditu herritarrengan Azkoiti erdian ezarri zen aldamioak. Zaila izan da erantzun bat aurkitzea, eta, azkenean, denen gustukoa izan ez den erabakia hartu da.

 

2001ean gertatu ziren eraikineko lehen erorketak. Hori jaso zuen, behintzat, urte hartan egindako txosten tekniko batek. Teilatuan arazoak zeuden, egurra egoera oso kaskarrean zegoen, hormak erortzear ziren… Eta erori egin ziren. Herri erdian egonik, eta haren aurretik egunero ehunka zahar eta gazte igarotzen direla jakinda, berritze lanak egiteko agindu zuen udalak. Berritze lan txikienen aurrekontu bat egin eta aurkeztu zioten etxejabeei, eta hori egin ezean udala bera arduratuko zela jakinarazi zioten.

2003an, berriz ere beste txosten bat egin zen, eta bertan ikusi zen ez zirela oso-osorik egin agindutako berritze lan horiek. Eusko Jaurlaritzari egoeraren berri eman zitzaion, eta hondamendi egoeraren espedientea hasteko eskatu, eraikina ahalik eta azkarrena eraisteko baimena eskatzearekin batera. Hirigune historikoa birgaitzeko plana ikusi ondoren, Eusko Jaurlaritzak urte horietan hirigintzako azterketa soziala egin zuen; hainbat herritako eraikinak ikuskatzen ari ziren, zein egoeratan zeuden jakiteko. Tartean zen Azkoitia ere, eta Santa Klaratik San Frantziskoko ermitaraino katalogatu zen hirigune historikoa. 2005eko ekainaren 28an beste erorketa batzuk izan ziren, eta, Idiakez Ederra eraikina erortzeko arriskuan zela ikusita, han bizi ziren familiak etxetik atera zituzten. Egun batzuk geroago, uztailaren 4an, eraikina hondamendi egoeran zegoela adierazi zuten.

Gipuzkoako Foru Aldundiari egoeraren berri eman zitzaion, eta haiek ere etxea hondamendi egoeran zegoela adierazi zuten. Udalak egindako dekretuak eraikina botatzeko eskatzen zuen, baina Aldundiak ez zuen horretarako baimenik eman; baimena Eusko Jaurlaritzak eman behar zuela adierazi zuen. Eusko Jaurlaritzari eraikinak zuen kultura ondasuneko izendapena kentzeko ere eskatu zitzaion, eta, egoera ikusita, eraikina eraisteko baimena eskatu zitzaion. Eusko Jaurlaritzaren erantzuna handik urte eta erdira iritsi zen, eta erantzun hartan Kale Nagusira eta eliz atarira ematen duten bi fatxadak mantentzeko betebeharra zegoela adierazi zen. Derrigorrez mantendu beharreko eraikinaren zati bakarrak bi fatxada horiek ziren; gainerakoan, Idiakez Ederra eraikinari balio guztia kendu zitzaion.

Oinezkoen segurtasuna bermatzeko segurtasun proiektu bat eskatu zen 2008an, harriak orduan ere etengabe erortzen baitziren. Udala eraikinarekin zerbait egiteko sustatzaileen bila aritu zen urte horietan, etxejabeei eskaintzeko. Aurrez ohartarazi zuen bezala, udala etxejabeei zegozkien lanak egiten hasi zen. Bere erabakia 2009ko urtarrilean, L itxurako aldamio bat jartzea izan zen. Aldamioaren alokairuak sortzen zituen gastuak etxejabeen gain utzi zituzten. Hilean 6.027,01 euro ordaindu behar izan dira aldamio horren alokairuagatik, eta zortzi urte hauetan 554.000 eurotik gora utzi behar izan dira.

Eraikina herriko lau-bost familiaren artean banatuta zegoen garai hartan, eta eraikinari eman behar zitzaion edozein erantzun jabeen ardura zen. Jabeek kontuan eduki behar zuten Kale Nagusira eta eliz atarira begira zeuden fatxadak ezin zirela birmoldatu. Eraikinaren bi alde horiek hirigune historikoen babesa duten eraikinen zerrendan daude oraindik ere. Udan sartzerako, aldamioa argazki erraldoiz jositako irudiekin inguratu zuten.

Urteek ez dute etenik izan Azkoitiko herrian ere, eta, etxejabeen eta udalaren artean hainbat bilera izan diren arren, ez da ezer zehatzik lortu. Bilera horietako batean, sustatzaileak ere izan ziren; zenbaki batzuk egin zituzten proiektu batzuk aurkeztuz, baina etxejabeei, eurek egindako balorazioaren aldean, txiki iruditu zitzaizkien aurkeztutako zenbakiak, eta alde batera utzi zituzten sustatzaileen proiektuak.

Orain dela bi urte, 2015ean, azken udal gobernua sartu aurretik, udal bulego teknikoak eraikinaren beste balorazio bat eskatu zuen, udala dirutza ari baitzen galtzen aldamioagatik. Balorazio horien ostean jakin zen aldamioaren alokairuagatik ordaintzen zen diruak gainditua zuela eraikinak zuen balioa. Urriaren 1ean, udal gobernu berriak, Azkoitiko EAJk, kreditu aldaketa bat onartu zuen, eta Idiakez Ederra estaltzen duten aldamioak erosteko bidea hartu zuen. 50.000 euro ordaindu ziren. 2015eko uztailaren 29an izan zuten lehen bilera eraikinaren jabeekin hitz egitea izan zen. Udalak hitzarmen bat proposatu, eta onartu egin dute eraikinaren jabeek: aldamioak sortu duen zorraren trukean, jabeek udalari eman diote jabetza. Udalak orain dela hilabete bat lortu zuen azken etxejabearen sinadura, apirilaren 7an. Orain, Udalaren eskuetan dago erabat Idiakez Ederra.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide