Horren ondorioz, diru jario hori moztu nahi izan genuen hasieratik. Aldamioaren jabeekin harremanetan jarri ginen, eta, negoziazio gogorren ondoren, 50.000 euroan aldamioak erostea lortu genuen. Horrela, abuztutik aurrera, aldamioen alokairua ordaindu beharrik ez du izan udalak. Aldamioak erosteak ahalik eta kalte txikiena egin zezan, laguntza bila hasi ginen, eta Foru Aldundiak 12.000 euroko diru laguntza ematea lortu genuen.
Gero, etxejabeen herentzia kontuen eta haien arteko zenbait arazoren berri jakin genuen. Azkoitiar guztien dirua zegoen tartean, eta horri irteera ematea lortzen bagenuen herritarrek erabiltzeko eraikina izatea nahi genuen. Jabeekin hitz egin genuen; bilera bat baino gehiago egin genituen. Jabeek eskatuta, Aldundira ere elkarrekin joan ginen irtenbide bila, nahiz eta ez zen ezer lortu. Azkenean, jabeekin lortu dugu haiek zuten zorraren truke etxearen jabetza guri ematea. Hitzarmen hori 2016ko uztailean hitzartu genuen; udalaren osoko bilkuratik pasatu zen, eta azken jabeekin apirilaren hasieran sinatu genuen. Ia bi urte behar izan ditugu horretarako, alegia, jabeen azken sinadurak lortzeko. Kanpotik ikusten ez den lan handia egin dugu; lanordu asko dedikatu dizkigu Nagusia 80 eraikinari.
Hasieratik garbi genuen udalak jabetza lortu arren eraikinari irtenbide bat eman behar geniola, eta horretarako, gaiari irtenbide bat eman nahian, Visesako arduradunengana joatea aukera ona zela iruditu zitzaigun. Bagenekien arazo handi bat genuela, bi fatxadak mantentzeak eta hor etxeak egiteak kostu handia zuelako. Hasieran ez genuen erraza ikusten, baina azkenean zenbakiek baiezkoa erakutsi digute. Visesak pasatutako proposamena eta guk onartu genuena hau izan zen: lursail dena haiei ematea, eta haiek saltzeko babes ofizialeko hamalau etxebizitza eraikitzea. Horrez gain, beheko lokalean erretiratuen etxea ipintzea zen beste asmoa. Herriari beste bizi bat emango dio horrek. Hori bai, lokal hori udalarena izatea adostu genuen. Gainera, etxe berria etxe zaharra dagoen lekuan eraikiko dute.
Eta orain, zer?
Gaur egunean Udalarena da Nagusia 80 eraikinaren jabetza oso-osoa. Lorpen handia izan da hori lantaldearentzat. Jabeekin ez baginen ados jarri, aldamio hori beste hamar urtean egongo zen horrela.
Orain, Visesako administrazioan aldaketa batzuk izan dira, eta berriz ere gai denak berritzen ari gara. Azken bilera apirilaren 12an eduki genuen Iñaki Arriola etxebizitza kontseilariarekin eta sailetako beste hiru ordezkarirekin. Laster egutegi bat egingo dugu proiektu hau egia noiz bihurtuko den jakiteko. Gutxi barru, Visesa enpresa eraikinaren barrura sartuko da, eta azterketa batzuk egingo dituzte; zehazki, analisi estratigrafikoa egitera etorriko dira.
Visesak analisia egin ondoren emaitzak ikusi beharko dira: gaur egunean dauden adreiluek zenbaterainoko iraupena eta erabilgarritasuna duten eta abar. Makina bat hor barruan ikusterako urte bat baino gehiago joango da. Hala ere, egutegi zehatza egiten dugunean gainean egongo gara, eta espero dugu ezer ez atzeratzea.
Zailena eginda dago, eta material kontua falta da soilik. Beste dena lortuta dago. Ez ditugu bi besoak altxatu, oraindik ez baitugu amaitu. Baina gai honekin lanean ari garenok badakigu irtenbide bat baduela, eta, gainera, oso ona izango da herriarentzat.
Guk Visesari esan diogu ez dela etxe bat berreraikitzea bakarrik; herri baten eskaera da hori konpontzea eta eliz ataria txukun jartzea. Garrantzi sentimental handia du etxe horrek, eta beti horrela adierazi dugu.