Merkataritza txikia sustatzeko sentsibilizazio kanpaina abiatu dute

Maxixatzen.eus 2018ko ots. 7a, 10:40

Urola Erdiko merkataritza mahaiak antolatutako ekitaldia izan zen atzo Zestoako Lili jauregian.

Otsailak 6, asteartea, Urola Erdiko merkataritza mahaiak elkarlanean landu duen sentsibilizazio kanpaina aurkeztu zuen Zestoako Lili jauregian.

 

Ekimena Urola erdiko merkataritza mahaiak sustatu du eta lankidetza gune horrek eskualdeko merkataritza txikiaren sustapena du xede. Egun, horko partaide dira Azkoitiko Udala, Azpeitiko Udala, Zestoako Udala, Dendartean -Gipuzkoako merkatari, ostalari, zerbitzu enpresa eta autonomo elkarteen bilkura-, Herrixen -Azkoitiko Merkatarien Elkartea-, Bertan -Azpeitiko Merkatarien Elkartea-, Zestoan –Zestoako Merkatarien Elkartea- eta Iraurgi Berritzen –Urola Erdiko Garapen eta Berrikuntza Agentzia-.

Ekitaldian zehar, elkarteetako merkatariak Karmele Zabaleta, Uxoa Aizpuru, Itziar Ezenarro eta Xanti Ugarte arduratu ziren komunikazio ekintzaren nondik norakoak aurkezteaz. Ordubete inguruko ekitaldian, ekimenaren jatorria eta lortu nahi diren helburuak aurkeztu ziren.

Sentsibilizazio kanpainak, joan zen urtean eskualdeko eros ohiturak ezagutzeko egin zen azterketa du abiapuntu. Izan ere, azterketak eskualdeko merkataritzaren indargune zein ahulguneak identifikatzen lagundu zuen. Oro har, jarraian zerrendatzen dira azterketan ateratako ondorio nagusiak:

  • Nahiz eta produktu edota zerbitzuaren arabera eragina ezberdina izan, azken urteetan merkatalgune, hirigune nahiz internet bidezko erosketak egiteko joera indarra hartzen ari da.

 

  • Oro har eguneroko erosketari dagokionean, erosketen %75 baino gehiago herrian bertan egiten da. Arraina, haragia, ogia, urdaitegia eta frutaren kasuan portzentaia hau are handiagoa da. Produktu kategoria hauetan, kontsumitzaileak denda tradizionaletan du konfidantza gehien eta erosketa burutzeko lehen aukera dira.

 

  • Aldizkako erosketaren kasuan, merkatalgune handi nahiz hiriguneen eragina nabarmenagoa da. Esaterako, oinetako eta erroparen kasuan, erosketen %50era ez da iristen herrian bertan egindakoa. Gainera, internet, erosketa kanal izatetik haratago, produktuen inguruko informazioa aurkitu nahiz produktu ezberdinak alderatzeko tresna bilakatu da gaur egungo kontsumitzailearentzat.

 

  • Oro har, azterketako partaideen %90,01 herriko merkataritzak duen eskaintzarekin gustora dagoela adierazi du. Era berean, bi dira bertako merkataritzatik gehien baloratzen diren faktoreak. Batetik, dendariak bezeroarekiko duen gertutasuna eta honi eskaintzen dion tratu pertsonalizatua. Bestetik berriz, herritarrak balioan jartzen du bere beharrak bertatik bertara asetzeak eskaintzen dion erosotasuna.

Hori dela eta, sentsibilizazio kanpainaren bitartez, eskualdeko merkataritza txikian erosteak dituen abantailak aurkezteaz gain, merkataritza tradizionalak eskualdeko ekonomian nahiz herriguneen bizitzan duen garrantziaz sentsibilizatu nahi da. Eskaintzen dituen abantailen artean, azterketak plazaratutako emaitzei jarraituz, besteak beste, merkataritza txikiak erosleari eskaintzen dizkion gertutasuna nahiz erosotasuna jarri nahi dira balioan.

Sentsibilizazio kanpainaren baitan, datozen egunetan –otsailak 14, 16 eta 21–, eskualdeko irudi ezberdinekin eta mezu zehatzekin osatutako hiru bideo labur aurkeztuko dira sarean, tokiko komunikabide nahiz eskualdeko zinema aretoetan.

Behin otsailean zehar landuko den sentsibilizazio kanpaina aurkeztuta, lan taldeak, eragile ezberdinen artean elkarlana oinarri, ekimen berriak abiatzea aurreikusten du datozen hilabeteetan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide