Iaz ondorioztatu zuten egunero pentsatu gabe burutzen ditugun ekintza gehienek gure ingurunean eragina dutela: gidatzerakoan, elektrizitatea kontsumitzean, hondakinak sortzean, ura xahutzean… horiek guztiek arrastoa uzten dutela planetan. Gizakion gehiegizko eta neurriz kanpoko jarrerek gure planeta gaixotzen dute. Herriko zaharrenekin hitz eginez, konturatu ziren azken urteetan eguraldia aldatzen ari dela. Adibidez, lehengo elurteak amaitu dira eta giroa gero eta epelagoa omen da, orokorrean.
Azkoitiko Floreaga Salestar Ikastetxean eta Azkoitia BHI Ikastolan, gaia aztertzeaz gain, Klima Aldaketan dugun eragina murrizteko kontuan izan beharreko praktika onak martxan jartzen ari dira. Adibidez, bakarrik ixten diren txorrotak, led argiak, argi sentsoreak eta berogailuak arautzeko sistemak jarri dituzte; erosketa berdea egiten da, hondakinen gaikako bilketa oso zorrotza da, paper kontsumoa murrizten ari da, bertako elikagaiak sustatzen dira, konposta egiten da…
Eta eskoletan ohitura onak finkatzen diren heinean, ikasleen etxeetan ere jarrera egokiak nabaritzen dira. Pixkanaka, gazteengandik abiatuta, herritar guztiok ere herriko ingurumena zaintzeko jokabideak gureganatu eta zabaldu behar ditugu.