«Ikusita Um Blem Ble tabernarien elkarteak zabaldutako mezuen ondorioz gaizki ulertuak egon daitezkeela, Udalak jakinarazi nahi du tabernariei eskatzen zaiena bermea dela. Behin kontzertua burututa, Udalak hilabeteko epea du jarri duten dirua tabernariei bueltatzeko.
Espazio publikoen erabilera eta ikuskizun publikoen antolaketa arautzen duen ordenantzak jasotzen du fidantzaren eskaera.
Ordenantza hori, tabernariek ondo dakiten bezala, partaidetza prozesu baten emaitza da eta erakusketa publikoan egon zen edonork nahi zituen ekarpenak egin zitzan. Udalak hainbat bilera egin zituen tabernariekin eta beste hainbat talde eta herritarrekin. Behin betiko ordenantza onartu aurreko zirriborroak ere denen esku jarri zituen Udalak ekarpenak egiteko. Prozesu luze baten ondorioa da.
Udal honek ulertzen du eskubideak eta betebeharrak batera doazela, jendetza biltzen duen edozen jarduerak arriskuak dituelako eta alde bakoitzak bere erantzunkizuna duelako, bai Udalak eta bai antolatzaileek.
Gauza bera gertatzen da kirol-jardueretan eta beste edozein antolakuntzetan.
Kontzertu bat antolatzeko, nagusiki, hiru gauza aurkeztu behar dituzte tabernariek:
- Ikuskizunaren eta jardueraren memoria laburra, zer izango den azalduz. (Udalak jakinaren gainean egon behar du beharrak zeintzuk diren aztertzeko. Eszenatokia, esaterako, Udalak ipintzen du).
- Aseguru zibilaren ziurtagiria.
- Eta fidantza. Fidantza hau aforoaren arabera finkatu da. Behin kontzertua eta gero, dena ondo joan bada, hilabeteko epean bueltatuko da. Udala ez da diru horrekin geratzen.
Fidantzak aseguru zibiletik kanpo geratzen dena estaltzeko balio du zerbait gertatuz gero.
Bestetik, Jon Ander Larramendik egindako adierazpenen arabera, esan behar da tabernarien interesekin ez duela zertan bat etorri Udalak.
Udalak herritar guztiak hartu behar ditu kontuan, haur, gazte, heldu, tabernari, dendari, enpresa, autonomo… Eta hor, ordenantzaren izateko arrazoia azpimarratzekoa da. Ordenantzak, besteak beste, gaueko aisialdiaz gozatu nahi dutenen eta atseden hartu nahi dutenen eskubideen arteko oreka bilatzea du helburu. Ordenantzaren lerro nagusiak hauek dira:
1.- Espazio publiko zein barruti pribatuetan aldian behin antolatzen diren aisialdi jarduerak eta ikuskizun publikoak arautzea da.
2.- Bizilagunek atsedena hartzeko duten eskubidea bermatzeko jardueren antolatzaileei osasungarritasun, segurtasun eta garbitasun betebeharrak betearaztea. Garbitasunarekin eta osasunarekin lotuta, kale publikoetan pertsonen jokaera desegokiak ere arautzen ditu.
3.- Droga menpekotasunaren inguruan hainbat neurri ezartzen ditu indarrean dagoen legeria bermatzeko. Espazio publiko zein pribatuetan kontsumitzeari dagokionez.
4.- Arau hausteak eta zigorrak zehazten ditu, indarrean dagoen legedia eragotzi gabe.
5.- Ostalaritza establezimenduei beren instalazioak zarataren esparruan indarrean dagoen araudira egokitzeko erregimen iragankorra arautzen du».