Biek diote lagunartean sortutako planteamendu bat izan zela, laguntzeko zuten irrikak sortua. Barru-barrutik ateratako nahia izan zen. «Jakin-minak bultzatuta hasi nintzen», azaldu du Sudupek. «Desberdina izateak sortzen zidan erakargarritasunak eraman ninduen Txolartera». Horri, parte hartzeko eta aukera berdintasuna eskaintzeko eta bermatzeko aukerarik ez zuenaren aldeko lanketa garatu nahi izana gehitu dizkio Sudupek. Txolartek Azkoitian bertan zuen hasieran egoitza, azoka plazan. «Gaur egun odol emaileek duten egoitzaren ondoan genuen lokala, kostata lortutakoa», azaldu du Albizurik. Ondoren, Mankomunitateak Azpeitian lokal hobea eskaini zien, eta Azpeitira joan ziren, 1990. urtearen bueltan. «Egoitza handiagoa zen, sukaldea zuen, eta aukera hobeak zituelako lekualdatu ginen», gehitu du Albizurik.
Sasoi hartan, Txolarten talde bakarra zegoen, helduena, eta zapaturo elkartzen ziren, 16:00etatik 20:00etara bitartean. 25 bazkide inguru zeuden Txolarten, eta Sudupe eta Albizuri talde horretako begiraleak ziren. Abenduko zubian, Aste Santuan eta udan, esaterako, irteerak egiteko ohitura zuten. Urtebetetze ospakizunek, dantzek, mozorro festek, Azkoitiko abesbatzarekin egiten zuten Gabon eskeak eta txikiteoak ere arrakasta izaten zuten beste hamaika jardueraren artean. «Garrantzitsua iruditzen zitzaigun bertako kideek jendearekin harremana izatea. Normalizaziorako urratsa zen, eta harrera oso ona izan genuen herritarren partetik», adierazi du Albizurik. «Kalean presentzia sortzen eta sendotzen genuen, ez baitzen ohikoa adimen urritasuna zuen pertsona bat kalean ikustea», azaldu du, bestalde, Sudupek.
Gizarteari eragiten dion gaia izanik, harremana garrantzitsua izan zen Txolarteko lanetan ere. Gurasoekin «bikain» konpontzen zirela azaldu dute, zuten harremana «konfiantzazkoa eta gertukoa» zela. Aitortu dutenez, «beldurra» behin baino gehiagotan nabaritu zieten gurasoei aurpegian. «Bazkideen aita-amei alde positiboak eta onurak erakusten saiatzen ginen; gero, euren seme-alabak poz-pozik eta ondo itzultzen zirela ikusita, konfiantza hori areagotu egin zen», azaldu dute bi boluntarioek. Gurasoei atsedena ematen zietela ere azpimarratu du Albizurik: «Dependentzia duten pertsonak zaintzea oso gogorra da, nahiz eta asko maite, eta gure lanarekin atsedena ematen genien gurasoei».
Boluntarioen lana, «ezinbestekoa»
«Boluntarioek beti egon behar dute, arlo denetan», hasi da Albizuri. «Guk, euskaldunok, beti izan dugu auzolanerako eta boluntario izateko joera. Hori mantendu egin behar dugu, hobeak egiten gaitu eta», arrazoitu du. Sudupek, berriz, boluntarioek ikuspegi altruistan oinarrituta egiten duten aportazioa goraipatu du: «Erronka inklusioan dago, gizartearen partaide aktibo direla eta bertan parte hartzeko gai direla erakustean». Halere, sentsibilizatzeko eta ikusgai egiteko lan handia dagoela azpimarratu du, eta begiraleek egiten duten lana «beharrezkoa» iruditzen zaio horretarako.
Hori horrela izanik, gaur egungo gazteei dei egin die lan horretan hasteko. «Gaztea izateak sormenaren eta irudimenaren gaitasuna dakar, gizarte inplikaziorako grina eta esperimentatzeko ausardia», gaineratu du Sudupe koordinatzaile ohiak. Uste du «gaitasun eta ezaugarri horiei bidea emateko era bat» dela boluntario izatea. Albizurik bizitzan aurrera egiteko irakasgaia dela adierazi du, «heldutasuna» ematen duela.
Taldetik irtetea, zaila
Sudupek 12 urte egin zituen Txolarten, eta Albizurik 11 urte; bada zerbait. Oroitzapen «ederrak» dauzkate gordeta, babesean. Albizurik bertan egindako lanak merezi zuela azaldu du, eta Sudupe ere pentsaera berekoa da: «Betirako lagunak aurkitu nituen bertan, eta familien aldetik jasotako dena ere esker onekoa izan zen», adierazi du. Primeran konpontzen zirenik ezin izan dute ukatu. Bazter denetan sortzen diren arazo gutxi batzuk izan zituzten, eta, osasun arazoak zirela medio, estuasun batzuk ere izan zituzten, baina «esperientzia aberasgarria eta polita» izan zela esan dute.
Hamarkada batez baino gehiagoz begirale lanak egin ondoren, ordea, lekukoa beste batzuei ematea egokitu zitzaien Albizuriri eta Suduperi, egoera aldatu egin baitzitzaien bi azkoitiarrei. Sudupek azaldu du lehenik bere egoera: «Independizatu eta segituan, nire bizitzako beste etapa bati heldu nion. Asko kostatu zitzaidan uztea». Egoera horregatik izan ez balitz oraindik begirale jarraituko zukeela aitortu du. Albizurik, berriz, ikasketengatik utzi behar izan zuen Txolarte: «Gure herrietatik urrun ikasten hasi ginen, batzuk Euskal Herrian baina beste batzuk hemendik kanpo. Uzteko pausoa ematea ez zen erraza izan». Harrezkero, baina, taldea behin baino gehiagotan bisitatu dute. «Adibide ona utzi genien gure ondorengoei, aurrekoek guri utzi ziguten bezalaxe», esan du, amaitzeko. Lekukoa aurrera doa, pausoz pauso.