40 bat kide daude eskualdeko Txolarten izena emanda. Otaño, 2014an taldearekin oporraldi bat egin ondoren, urte hartako urrian batu zen Txolartera begirale gisa, taldeko kideei laguntzeko; Arrizabalaga, berriz, hurrengo urteko udaberrian sartu zen. Txolartera joaten diren adimen urriko parte hartzaileen inklusioa azken helburutzat hartuta, «aisialdirako eskubidea bermatzen eta beraien autonomia garatzen» laguntzen diete.
Herriko ezagun batzuk Txolarten ibiltzen zirela ikusi zuten, eta horrela izan zuten lehen aldiz proiektuaren berri. Boluntario lanak «konpromisoa» eskatzen duela uste dute, eta konpromiso horri heltzeko arrazoiak zein izan ziren azaldu dute: «Hasieran, ikasketak praktikara eraman nahi nituen, eta Txolarte horretarako aukera ona zela ikusi nuen. Helburua desberdina da gaur; taldearen parte sentitzen naiz, eta niretzat ere aisialdi momentu bat da», adierazi du Arrizabalagak. Unibertsitatean ikasitakoa bizitza errealera ekartzen lagundu dio egiten duen lanak Arrizabalagari. Alor pertsonalari begiratuta, berriz, Txolarten parte hartzea «betegarria» dela uste du, «errealitatea ikusteko eta bizitzeko beste molde batzuk» ezagutu baititu.
Otañoren arrazoia bestelakoa da, baina barruan bizitakoak Ane bezainbeste ase du. «Txolarten hasi aurretik oporretan izan nintzen taldearekin, eta esperientzia aberasgarria izan zelako erabaki nuen taldean hastea», azaldu du. Berari ere boluntario izateak «asko» eman dio pertsonalki, eta bat dator Arrizabalagarekin: «Mundua ikusteko beste era batzuk ezagutzeko aukera izan dut Txolarten. Gizarteak dituen aurreiritziak eta uste faltsuak deuseztatzeko ere balio izan dit». Gaur, eskualdeko Txolarteko koordinatzaile lanak egiten ditu Otañok.
Parte hartzaileek eta haien familiek asko eskertzen dute boluntarioen lana. «Boluntarioen lanik gabe ezin izango lukete aisialdiaz gozatu parte hartzaileek», aitortu dute biek. Taldekideek asteburuetan erakusten duten «energia» azpimarratu dute, eta esan dute boluntarioentzat beti «hitz goxoak» izaten dituztela. Gaur egun bi Txolarte talde daude, gazteena eta helduena. Talde bakoitzean adin tarte desberdineko parte hartzaileak daude. Arrizabalaga eta Otaño helduen taldeko boluntarioak dira, eta 30 urteko parte hartzaileak eta 60 urtekoak dituzte elkarrekin. Haien iritziz, hori «aberasgarria» da taldearentzat. Gazteen taldean, bestalde, bederatzi parte hartzaile daude, eta zazpi boluntariok egiten dute begirale lana.
Aisialdiaz gozatzeko, askotariko ekintzak
Aisialdia pertsona ororen eskubidea den heinean, Txolarteren bitartez parte hartzaileek eskubide hori baliatzeko aukera dute. Txolartek adimen urritasuna duten pertsonak gizarteratzen egin duen «aurrerapausoa» nabarmendu dute biek ala biek. «Txolarteri esker, kalera ateratzen gara, eta gizartearen parte aktibo bihurtzen dira», diote. Zapaturo ekintzak egiteko elkartzen dira. Aste Santuan Donostiara joaten dira egun batzuk pasatzera, eta abuztuan parte hartzaileek erabakitako lekuren batera joaten dira hamar egun inguru taldean pasatzera. Ekintzak denetarikoak izaten dira; esaterako, hiriburuetara edo kostaldera egun-pasak egitera joaten dira, eta afariak ere egiten dituzte. «Uste dugu parte hartzaileek ekintza horietan pasatzen dutela ondoena; jende gehiena ekintza horietara etortzen da».
Taldearen aisialdia dinamizatzeko helburuarekin antolatzen dituzte ekintza guztiak. Parte hartzaileen nahien arabera jokatzen dute, bai ekintzak erabakitzerakoan, bai irteerak antolatzerakoan. «Lehenengo, parte hartzaileekin hitz egiten dugu, eta, ondoren, beraiek eskatzen dutenaren arabera antolatzen gara». Nahi horiek aztertutakoan, talde osoarentzat egokiak diren ekintzak antolatzen dituzte, inor kanpoan geldi ez dadin. «Taldeak hainbat tailer egitea, filmak ikustea eta paseatzera joatea aukeratzen du, besteak beste», esan dute bi begirale azkoitiarrek. «Haien autonomia eta askotariko gaitasunak lantzen saiatzen gara, edota hausnarketarako bidea zabaltzen». Gero, guztia zehaztu ondoren, taldeko koordinatzaileek kideen etxera bidaltzen dute programazioa». Ekintzak antolatzea ez da soilik taldeko kideei eragiten dien gaia. Begiraleek, behin egutegia finkatzen dutenean, libre dauden ala ez azaltzen dute, eta denen artean antolatzen dira egunak banatzeko. Giro «oso ona» dutela azpimarratu dute. «Partaide batzuk gu jaio aurretik elkartzen ziren; bizitza guztia daramate elkarrekin. Azken finean, kuadrilla bat dira, euren gorabeherekin». Aisialdia eta bizi kalitatea eskutik doaz, eta «ahal duten neurrian» lan horretan jarraituko dutela azaldu dute. Egiten duen lanagatik, aurtengo Gipuzkoako Boluntariotza Saria jasoko du Atzegik abenduan.
Gizartea, nahi dutenetik urrun
Gizarteak kolektibo horren inguruan duen erreparoaz ere hitz egin nahi izan dute. Ikusten dute gero eta jende gehiago dagoela aniztasun funtzionalaren gainean jabetuta, eta gizartea alde horretatik aldatzen ari dela iritzita daude. Horren inguruan aurreiritzi asko ditu eraikiak jendeak, eta, begirale azkoitiarren ustez, «askok beldurra izaten dute gerturatzeko». Esan dutenez, ordea, eurek lehen egunean bertan apurtu zituzten aurreiritzi horiek. «Aldaketa ikaragarria lortzea ez dago gure esku, baina gertuko ingurunean pixkanaka-pixkanaka lortzen ari gara, eta, horrela, gizarte osoan pausoz pauso jarraitzea da asmoa». Gizartean laguntzen ari diren begiraletzat dute beren burua Otañok eta Arrizabalagak, eta aurreiritzi horiei erantzuna emateko gaitasuna garatzen ari dira.
Gizartea ez dute gai honen inguruan sentsibilizatuta ikusten, aurreiritziz josita baizik, eta horrek eragin «itzela» daukala diote. «Gaur egun, berdintasunaren kontzeptuaren teoria oso zabaldua dago. Praktikara eramatea, ordea, jendeari zailagoa egiten zaio». Gizartearen «itzalpean» ikusten dute beren burua; diotenez, jendeak arraro begiratzen diete, baina, halere, gerturatzeko eta egunerokoa ezagutzeko gonbita egiten diete. Txolarteko ateak edonork zabalik ditu, beti.