Elkarrekin egindako bileretan, non alderdi guztietako ordezkariek parte hartu duten, “eskutik joatea” adostu dute helburua betetze bidean aurrera egiteko, igerilekua handitzeko nahia denek partekatzen baitute.
Instalakuntza Duinak Orain! taldeko kideek txosten bat aurkeztu zuten egoeraren eboluzioa, egungo egoera eta igerilekuak dituen mugak aztertuz. Lana eskertu zuten udal talde guztiek, eta arazoan azterketa sakon bat egiteko balio izan du.
Orain kontratatu den alternatiben azterketak bi lan ildo izango ditu: egungo igerilekuaren ontziaren handitzea edota oraingoaren inguruan bigarren ontzi bat definitzea. Igerilekuak gaur egun dituen bost kaleetatik seira edo gehiagora pasatzea posible da bakarrik Beidazar eta Xabier Munibe kaleen paraleloa den aldamenean. Egungo fatxada bota eta eraikina handitu beharko litzateke, bi kaleen trazaketan eragingo lukeelarik.
Bestalde, bigarren ontzi bat eraikitzekotan aukera bakarra da bideragarria. Orain belar artifizialeko futbol zelaiak Elkargunearen estalki gainean hartzen duen espazioa erabili beharko litzateke. Horrek gainerako kirol-pisten berrantolaketa egitera derrigortzen du, saskibaloi gunea desagerraraziz, padeleko pista mugituz eta futbol zelaia birkokatuz.
Udalak aurreikusitakoaren arabera, urtarrilaren amaieran edo otsail hasieran izango du esku artean 21.477,50 euro kostako den alternatiben azterketa. Behin txostena aztertuta, berriro bilera egingo dute udal ordezkariek eta plataformako kideek aurrera begira zer urrats eman ikusteko.