Azkoitia da, Irungo herriaren ondoren, araudi berriaren arabera hobekuntzak barneratzen dituen ordenantza onartu duen bigarren herria. Aurrerapen garrantzitsuenetarikoa da zerbitzuak modalitate berriak aurreikusten dituela Etxez Etxeko Laguntzan. Alegia, etxeko eguneroko lanez gain (elikadura, garbiketa…) eta zaintza pertsonala gain (higienea, botiken gainbegiraketa…) arreta soziokomunitarioa eskainiko da. Hau da, pertsonari medikuarengana, kafe bat hartzera edota aisialdiko jardueraren bat egitera lagunduko zaio ahal den heinean.
Akonpainamenduaz gain, aukera egongo da gaueko zaintza edo gainbegiratze zerbitzua emateko edota familiako zaintzaileak arnasaldi bat izateko. Laguntza hau jasotzen duen kolektiboa ere zabaldu egin da. Jada ez da adineko pertsonetara mugatuko. Gaixotasun fisiko eta mentala duten pertsonek, adin txikikoek baldin eta euren zaintzaileak ez badira arduratzen euretaz edota zaintza aringarriak behar dituztenek ere jaso ahalko dute laguntza.
Zenbait kasutan, ospitaletik bueltan etorritakoan ere laguntza jasotzeko aukera gehitu da. Sarritan pertsonak laguntza behar izaten du ospitaleratuta egon ondoren eta prozesua errazteko eta zerbitzua berehala jaso ahal izateko, tramiteak minimizatu dira larrialdi egoeretarako eskaera egiteko aukera emanez.
Zerbitzuaren kalitatea hobetuko duen beste alderdi bat eguneko gehiengo ordu kopurua handitzea da. Erabiltzaileek orain arte hiru orduko laguntza zuten gehienez eta laura igo da ordu kopurua. Hori bai, teknikarien aldeko balorazioa ezinbestekoa izango da laguntza ordu gehiagoz jasotzeko. Berdina gertatzen da asteburuetako zerbitzuarekin. Teknikariek beharrezkoa dela ondorioztatzen badute, erabiltzaileek urteko 365 egunetan jaso ahalko lukete Etxez Etxeko Laguntza.
Behin ordenantza onartuta, Udalak lizitaziora aterako du zerbitzuaren kontratazioa eta beraz, hobekuntzak 2018an gauzatuko dira.