Bidezko Merkataritzaren denda Torre Zurin egongo da zapatura bitartean

Maxixatzen.eus 2017ko abe. 14a, 10:58

Bidezko Merkataritzak bere denda martxan du Torre Zuri erakustokian. Zapatura bitartean egongo da zabalik, goizez 10:30etatik 12:30etara, eta arratsaldez, 17:00etatik 19:30etara.

 

Bertaratzen direnek produktu anitzak ikusteko aukera izango dute, janari, arropa, jolas, eta bestelakoen artean. Ekimenaren helburua da ekoizle txikienen edo nekazarien artikuluak eskaintzea, horien bizi baldintzak hobetzeko asmoz.

Bidezko Merkataritzak osasunean, hezkuntzan, azpiegituretan eta lanerako prestakuntzetan behar gehien dituzten komunitateen garapen soziala sustatzen du. «Langintza honek ekoizle babesgabeei merkatu berriak irekitzen dizkie, eta aldi berean bitartekarien aberastasuna saihesten du. Bestalde, erosleei kalitate handiko produktuak eskaintzen zaizkie, ingurumenarekiko errespetagarriak diren produktuak dira gainera», azaldu du ekimenaren bultzatzaileetako batek.

Merkataritza tradizionalaren alternatiba da Bidezko Merkataritza, «balore etikoek indar handiagoa hartzen dute balore ekonomikoen aldean, eta gainera irizpide ekologikoak gailendu egiten dira», azaltzen du. Merkataritza horrekin «haurren esplotaziorik eza eta soldata justua» bermatzen direla diote ekimenaren bultzatzaileek, eta lan mota horretan emakumearen lana eta soldata gizonezkoen «parekoak» direla adierazi dute.

Erlazionatuak

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide