Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunaren bueltako egitaraua jakinarazi du Udalak

Maxixatzen.eus 2017ko aza. 20a, 17:05

Udalak hainbat ekintza antolatu ditu azaroaren 25ean izango den Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunaren bueltan.

 

Egitaraua azaroaren 24tik abenduaren 2ra luzatuko da. “Volar” filmaren proiekzioarekin emango zaio hasiera ostiral honetan, hilaren 24an. Filma Elkargunean arratsaldeko 18:00etan botako dute. Bertha Gaztelumendik zuzenduta, pelikulak indarkeria jasan duten bederatzi emakumeren testigantzak jasotzen ditu.

Azaroaren 29an, udal osoko bilkuran genero indarkeriaren aurkako adierazpen instituzionala onartuko da eta abenduaren 1ean, autodefentsa feminista tailerrarekin emango zaio jarraipena egitarauari. Elkargunean izango da saioa 09:30etik 13:30era. Izen-ematea zabalik dago. Idatzi ondorengo helbidera: berdintasuna@azkoitia.eus.

Egun berean, hilaren 1ean, “Él nunca me pegó” dokumentala ikusi ostean, kazetaritza eta genero berdintasunean aditua den Irantzu Varelak hitzaldia emango du. Elkargunean izango da hori ere, 18:00etan.

Amaitzeko, Beldur Barik Topaketa izango da Eibarren abenduaren 2an. 16:30etik 21:45era izango da. Doako autobus zerbitzua jarriko da, baina erabili nahi duenak aurrez izena eman beharko du beldurbarik.org web orrian.

“Ezinbestekoa da gizarteak sufritzen duen gaitz honen aurrean, denok erantzun irmoa ematea, esan beharrekoa da ez dugula emakumeenganako indarkeriarik inolaz ere onartzen. Prebentzio eta sentsibilizazio alorretan lanean jarraitzen dugu”, dio Berdintasun zinegotzi Nekane Larrañagak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide