Azkoitiko Urrategi auzoan, bide bazterrean jarrita dauden harriek markatzen dute Uitte Berri baserrirako bidea. 20:00ak jo berri ditu eta ilun dago inguruetan. Baina, baserrira hurbildu ahala, argitasuna nabari daiteke atarian. Ez daude lo etxe horretan. Garaje itxurako gela batetik datoz argi izpiak. Hantxe, “zup eta zup”, eta “altxa, altxa!”, ari dira Juan Jose (1959, Azkoitia) eta Jon Unanue (1992, Azkoitia) goenatxotar aita-semeak. Jolasean bezala ari dira, 200 kiloko harria gora eta behera.
Euskal Herrian izan den harri-jasotzaile entzutetsuenetako bat izango da aita. 239 kiloko kubikoa jasotakoa da –beste inork ez du lortu hori–, eta 200 kiloko harria minutu batean zazpi aldiz jasotzea ere lortu zuen. Marka bat baino gehiago onduta, duela hiru urte utzi zuen harri-jasotzea. “Zergatik utzi nuen? 58 urte dauzkat e!”. Ordutik, semea entrenatzen aritzen da. “Entrenatzen edo… Ni, batez ere, saltseroa naiz”, dio. Zer izaten den, bat hasi eta besteak haren bidea segi. Semeak argi dio aitak transmititu diola harriarekiko afizioa. “Bestela ez nintzateke honetan arituko”.
Irakurri erreportaje osoa, hemen.