Animaliak asko gustatzen zaizkio Mailu Albizuriri (Azkoitia, 1970). “Gehiegi, agian. Nire pasioa dira”. Hainbat lanetan aritutakoa da, baina oraingo honetan, gustatzen zaion hori egitea erabaki du: katuak eta txakurrak zaintzen hasi da. Etxez etxeko zerbitzua da berak eskaintzen duena: bezeroaren etxera joaten da haren katua zaintzera edo txakurra paseatzera ateratzera.
Animalia ezberdinak dira katua eta txakurra: “Katuek egin beharrekoak etxean egiten dituzte, baina txakurrek ez”. Eta, horregatik, zerbitzu ezberdina eskaintzen du haietako bakoitzarentzat.
Oraingoz, bi katu zaintzen ditu: “Bezeroaren etxera joaten naiz, eta katuak agurtzen ditut. Begiratzen diet, janaria eta ura aldatzen dizkiet, hondar kaxak- eta garbitzen ditut, zikinkeriak atera… Gainera, katuetako batek begietan gaixotasuna du, eta begiak garbitzen dizkiot. Gero, nire lehen lanak egiten ditudanean, gainontzeko denbora guztia katuekin ematen dut: jolasean, orraztu egiten ditut, irratia pizten diet… Ikus dezatela ni natorrenean mugimendua badagoela. Katua oso independentea izaten da, baina gustatzen zaio jendearekin egotea ere; bestela, tristatu egiten dira”.
Jarraitu artikulua irakurtzen, hemen