Hurkoak arreta tutelarra eskainiko du herrian hilabete gutxi barru, Udalarekin lortutako akordioari esker. Udala lokal bat egokitzen ari da herriko plazan, Torre Zuri erakustokiaren ondoan.
Hurkoak bere zerbitzuak eskaintzen dituen laugarren herria izango da Azkoitia. Donostian, Irunen eta Arrasaten ditu egoitzak. Aurreikuspenen arabera, uda ostean bulegoa martxan izango da. Hurkoa irabazi asmorik gabeko erakundea da.
1990ean sortu zen Hurkoa Donostiako Elizbarrutiko Caritasen ekimenez, eta bere egitekoa da hauskortasun, mendekotasun eta babesgabetasun egoeran dauden adineko pertsonei edo gaixotasun mentalak dituztenei arreta ematea, haiek zaintzea eta haien eskubideak defendatzea.
Eskainiko duten zerbitzuen artean dago, besteak beste, modu autonomoan jokatzeko gaitasuna galdu duten pertsonei babes pertsonala eta ondarearen babesa bermatzea. Hurkoak aholkua emango die informazioa eta orientazioa nahi dituzten familiei, eta euren tutoretzapean dauden pertsonentzat ahalik eta babes eta ongizate-mailarik handiena bilatuko dute.