Imanol Aleson: «Ikaragarri gozatzen ari naiz»

Maxixatzen.eus 2017ko ira. 12a, 09:56

Imanol Aleson.

Imanol Aleson (Azkoitia, 1972) igande goizean hasi zen Tor de Geants mendi lasterketan, eta gaur, 200 kilometroko langa gainditu berri duen honetan, 9. postuan da mendi lasterkari azkoitiarra. Lasterketa hasieran ezarritako erritmoari eusten dio Alesonek, eta gozatzen ari dela dio. Irakurri Italiatik bidali diguten informazioa jarraian:

 

18 km (2h 20 min) Sentsazio oso onak. Erritmoa espero zuenaren aldean azkar hartu zuen.

43 km (7h) 14-15 postuan kokatuta. «Ikaragarri gozatzen», izan ziren bere hitzak.

50 km (lehen kontrol gunea. 7h 58 min) 24 minutu barruan egin eta gero, 17-18 postuan irten da. Gozatzen jarraitzen du. Barazkiekin egindako bi arroz platerkada eta atuna jan ditu. Harrigarria izan da. Arropa aldatu aurretik irentsi du guztia.

65 km (11h 5 min). 17. postua. Oso ondo doa. Gutxi jan du, baina jarraitu egin du. Mendi tontorrean hotza egiten duela aitortzen du. 4 gradu inguru daude behean.

81 km (14h 22 min). 17 . postuan. Galtzerdiak aldatu ditu lehenik, eta olioa eman du hanka azpian. Zopa eta irabiaki beroa hartuta 3.300 metroko garaiera duen mendiari egin behar dio aurre.

106 km (bigarren kontrol gunea. 19h 40 min). 13 eta 15 postuen artean da azkoitiarra. 30 minutu eta gero atera da kontrol gunetik. Dutxatu, jan eta arropa aldatu ditu. Bigarren eguna argitzen ari da.

133 km (24h 50 min). 12. postuan. «Mendian gora pasatu egiten ditut aurretik ditudan lasterkariak, baina beherakoan eurek gainditzen naute», dio Alesonek. «Oso ondo noa. Erritmo finkoa dut, ez dut izerdirik botatzen eta gosea dut», izan dira bere hitzak Cardonneyn.

142 km (26h 12 min). 11. postuan. Soilik likidoa sartzen du gorputzera.

148 km (27 h 7 min). 10. postuan. Urik ere ez du edan orain. Korrika jarraitzen du. Donnasera iritsi arte maldarik ez du.

151 km (hirugarren kontrol gunea. 27 h 58 min). 10. postuan. 23 minutu inguru egin ditu babesean. Patata egosia jan du atunarekin, oinetan aloe vera igurtzi du, galtzerdiak aldatu eta lasterka irten da.

157 km (29 h 24 min). 10. postuan jarraitzen du. Perlozera iristeko 2100 eskailera igo behar dira, eta Alesonek lasterka igo ditu guztiak. Oso aurpegi ona du.

165 km (31h). 10. postuari eusten dio. Irabiaki energetiko beroa hartu du indarrak hartzeko. Arropa lodia hartu du badaezpada, zero azpiko tenperatura espero baitu.

193 km (40 h 17 min). 10. postuan iritsi da Nielera. Bertan ia bi ordu inguru egin ditu lo, eta 11. postuan irten da. Olioa igurtzi du oinetan, eta masajea hartu du ondoren. Galtzerdiak ere aldatu ditu, eta irten aurretik txokolatezko irabiakia eta kaputxinoa hartu ditu. Barrez eta txantxak eginez irten da.

206 km (laugarren kontrol gunea. 45h 5 min). 9. postua zapaldu du lehen aldiz. Ondo jan du eta arropa berdinarekin jarraitzen du. Mendian elurra egitea espero da, eta materiala gainbegiratu du badaezpada.

Erlazionatuak

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide