Elkargunean sartu-irten handia ibiltzen da; herritar mordoa ikusiko duzu.
Bai, normalean jende dezente ibiltzen da. Egunean zehar adin desberdinetako nahikoa jende ibiltzen da, baina ni normalean arratsaldean egoten naiz, eta, orduan ume eta helduen jarduera asko daudenez, sartu-irten handia egoten da. Umeez gain, gero eta guraso edo zaintzaile gehiago egoten dira, eta horrek jende asko egotea dakar, batzuetan gehiegi. Gainera, kirolaz aparte, beste zerbitzu asko daude Elkargunean: KZgunea, gazteria, bilerak egiteko gelak, HHI –helduen heziketa iraunkorra–… Eta horiek ere jendea ekartzen dute.
Jendea asko kexatzen al da? Asko eskatzen al dute?
Kexak beti izaten dira, normala den bezala, batzuetan arrazoiarekin eta bestetan arrazoirik gabe. Baina, bueno, kexatzea ona da gauzak hobetzeko, edo behintzat horretan saiatzeko. Bestalde, kontuan hartu behar da denok ezberdinak garela eta ondorioz oso gustu ezberdinak ditugula. Hau da, denon gustuko zerbait egitea zaila da; beti egongo da norbait egin duguna begiko izango ez duena, eta hori ezin da ekidin. Eskatzeko orduan ere, denetarik dago: batzuk dagoen eskaintzarekin konformatzen dira; beste batzuek, berriz, beti gehiago nahi izaten dute, eta ez dira sekula konforme egoten dagoenarekin.
Bezeroekin ondo moldatzeko, zer, egun txarretan ere alai?
Bezeroekin ondo moldatzeko, onena pazientzia handia izatea da, baina askotan zaila izaten da. Zer nahi duten jakitea eta haien lekuan jartzea ezinbestekoa da, haiek ahalik eta ondoena ulertzeko eta atenditzeko. Egun guztiak ez dira berdinak izaten, ezta bezeroak ere, baina, hala eta guztiz ere, ahal dudan neurrian saiatzen naiz bakoitza ahalik eta ondoena tratatzen.
Ugarte-Igarango igerilekuan edo Elkargunean nahiago? Zergatik?
Normaltasunean egotea gustatzen zait niri; beraz, Elkargunean egotea nahiago izaten dut. Baina kanpoko igerilekuetan egotea ere atsegin dut batzuetan, errutina pixka bat aldatzeko.
Kanpoko igerilekuak gainezka egoten dira udan. Aspertzeko astirik gabe egoten al zarete?
Eguraldiak asko baldintzatzen du. Eguraldi ona egiten duenean, arratsalde partean batez ere, jende asko egoten da. Aldiz, eguraldi txarra denean inor ez da egoten, eta hori ere aspergarria da, igerilekua berdin-berdin ireki behar baita.
Modan al dago kirola?
Baietz esango nuke. Jendeak gero eta gehiago zaintzen du gorputza, eta jende dezente apuntatzen da: bai udara aurretik, bai ondoren. Hori bai, askok izena ematen dute, baina gero ez dira etortzen.
Krisiaren eragina antzeman al da?
Nik ez dut asko nabaritu; jende mordoa ibiltzen da.
Elkarguneko kirol preziatuena? Eta zeurea?
Bat esatekotan, zumba esango nuke: helduen zein umeen artean gehien praktikatzen dena da. Umeen artean igeriketak ere indar handia du; Elkarguneko igerilekua arratsaldeetan ikusi besterik ez dago. Ni neu, berriz, ez naiz oso kirolzalea [barrez].
Lan handiena ematen duen zeregina?
Lan handiena jendea atenditzeak ematen dit, denetik dago eta, baina, hala ere, neuri horixe gustatzen zait gehiena.
Gustukoen duzuna?
Oro har, egin behar ditugun lanak gustatzen zaizkit, baina, bat azpimarratzekotan, jendearekin hartu-emanean aritzea esango nuke.