Imanol Lasa: «Lehen mailako gizarte-arazo baten aurrean gaude eta guztioi dagokigu neurriak eta konpromisoak hartzen jarraitzea»

Maxixatzen.eus 2017ko abu. 21a, 10:00

(Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia)

Azkoitiko azken salaketaren aurrean erasotuari elkartsuna adierazi dio Imanol Lasa foru bozeramaileak erakundearen izenean, gaitzespen osoa agertzearekin batera.

 

Andramaixen baitan gertatutako azken sexu eraso salaketaren harira, Gipuzkoako Foru Aldundiak «gertaera horren aurrean gaitzespen osoa adierazi eta erasotuari babes osoa agertu nahi dio», adierazi du Lasak.

Azken gertakizun berri honek «garbi uzten du lehen mailako gizarte-arazo baten aurrean gaudela», azaldu du diputatuak. Aldundiaren izenean elkartsun osoa agertu dio adin txikiko emakumeari. «Indarkeria matxista gure gizartean guztiz errotuta» dagoela-eta, Lasak ezinbestekotzat jo du neurriak hartzen jarraitzea. Emakumeen aurkako biolentzia da, Lasak esan duenez, «gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunaren adierazpenik larriena gure gizartean», esan du.

Hala, konpromiso horretan herritarrekin bat egiteko deia egin du foru bozeramaileak, hain zuzen, «konpromiso pertsonal eta kolektiboak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde». «Indarkeria matxista arazo kolektiboa» den heinean, Lasak azpimarratu du «guztion ardura» dela horri aurre egitea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide