Udalak herriko azken eraso sexista salatu du

Maxixatzen.eus 2017ko abu. 20a, 16:22

Javier Zubizarreta alkateak azken eraso sexista salatu du, eta  biktimaren eta bere familiaren intimitatearekiko errespetu osoa eskatu du. Jarraian, Azkoitiko Udalaren oharra:

 

"Udalak Andra Mari jaien balorazio positiboa egin eta ordu gutxi barru Ertzaintzak jakinarazi zion adin txikiko batek salaketa jarri berri zuela sexu eraso bategatik. 

Ertzaintzak ikerketa zabalik du ustez gertaturiko sexu abusua argitzeko eta horregatik Udalak ustezko biktimaren eta bere familiaren intimitatearekiko errespetu osoa eskatzen du. 'Eraso matxista guztiak –dio Javier Zubizarreta alkateak- salatzen eta arbuiatzen ditugu. Erakundeok eta gizarteak garbi esaten dugu: ez da ez! Alabaina, erasoak jarraitu egiten dute. Guztiok bat eginda borrokatu behar dugu, guztion inplikazioa eta konpromisoa beharrezkoak baitira. Ez Azkoitian ez inon, ez orain ez inoiz, ezin da baimendu gabeko harremanik eman. Baina jakin behar dugu baita, ezin ditugula ustezko biktima eta bere familia oso krudela izan daitekeen presio mediatiko eta sozialaren azpian jarri. Orain arte, Udalak ez du ezer esan familiak espreski adierazi duelako kasua diskrezio osoz eraman nahi duela. Errespeta dezagun hori. Orain, komunikabideetan filtratu denez jazoera, mesedez eskatzen dizuet jartzeko biktimaren eta bere familiaren azalean, eta gaia ahalik eta errespetu handienarekin tratatzeko, ez dezan inork beldurrik izan sexu askatasunaren aurkako delituak salatzeko orduan. Ez gara nor ustezko biktimaren eta bere familiaren egoera larriagotzeko. Eta ez gara nor inor epaitzeko poliziak eta epaiek bere lana egin aurretik'. Horregatik, egoera ez larriagotzeko eskatzen du alkateak.

Halaber, Udalak bere esku dagoen laguntza eta baliabide guztiak eskaintzen dizkio ustezko biktimari eta lanean jarraitzeko konpromisoa berresten du indarkeria matxista desagertzen den arte".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide