Andramaixek 2017

Jose Ramon Lete 'Traki'-k botako du Herri Moimentueren txupinazo alternatiboa

Maxixatzen.eus 2017ko abu. 12a, 12:30

Aske gelditu eta hurrengo egunean harrera egin zioten 'Traki'-ri herrian.

Jose Ramon Lete 'Traki'-k botako Herri Moimentuek antolatutako San Martingo txupinazoa. Abuztuaren 14an, 11:00etan emango diote hasiera Herri Moimentueko kideek San Martingo elkartean.

 

Herri Moimentuek antolatutako festei hasiera emango dien txupinazoa botatzeaz gain, lehen hitzak ere Leterenak izango dira. Ondoren, hamaiketakoa egingo dute elkartean bertan, eta trikitilarien laguntzarekin plazara jaitsiko dira kalejiran festarekin jarraitzeko.

Herri Moimentuek adierazi duenez, «ilusioarekin, gogoarekin eta esperantzarekin hartu genuen erronka. Lan gogorrarekin aurrera eraman genuen iaz txosna, geure borrokari eta herriaren berotasunari esker oztopo denen gainetik egoteko gai izan ginen», adierazi dute antolatzaileek.

«Goiko Losan, baina, norbait falta zen orduan, eta guk, ahal den neurrian, bere presentzia aldarrikatu nahi izan genuen», azaldu dute. «Orain dela hilabete batzuk, aspaldian herrian jaso dugun albiste onenetariko bat jaso genuen; etxeko bat etxera zetorrela jakin genuen. Halere, luzea da oraindik bidea eta kate asko daude puskatzeko, barrote asko txikitzeko», azaldu dute amaitzeko Herri Moimentuko ordezkariek. Izan ere, 'Traki' 2016ko azaroaren 18an gelditu zen aske. Hurrengo egunean ehundaka lagunek ongietorria eman zioten herriko plazan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide