Azkoitiko landa guneetako zabor bilketa hobetzeko plan bat abiatu du Aldundiak

Maxixatzen.eus 2017ko uzt. 18a, 19:30

José Ignacio Asensio Ingurumeneko Diputatua eta Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatea.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak txoke plan bat abiarazi du; lehenengo ekintza moduan informazio kanpaina bat barne hartzen du Azkoitiko hamaika landa gunetan, Azkoitiko Udalaren kolaborazioarekin. Plana aurkeztu dute José Ignacio Asensio Ingurumeneko Diputatuak eta Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak.

 

Planaren lehendabiziko helburua da biztanleak sentsibilizatzea hondakinen bereizketa egokiaren arloan, birziklapena errazteko. Asmo horrekin, Azkoitiko landa guneetako 250 etxebizitzari gutun bat bidali zaie ekimena iragartzeko. Herritarrei kolaborazioa eta konpromisoa eskatu diete.

Orain egun batzuk salatu zuten bilketa kamioi batek hondakinen frakzio ezberdinak nahastu zituela. Aldundiaren arabera, "nahiz eta hori Mankomunitatearen eskumena izan, Ingurumeneko Sailak arazo horri eutsi dio. Izan ere, gaikako bilketaren irudia kaltetu dezake eta horregatik, interbentzio plana abiaraziko dugu herriko landa gunetan antzemandako inpropio kopuruari konponbidea emateko". Helburua da hondakin horietan dauden materialen birziklapen egokia ziurtatzea eta hondakinen kudeaketa jasangarrian gaikako bilketa funtsezkoa dela aldarrikatzea. Horri buruz Asensiok nabarmendu du "funtsezkoa" dela herritarren "kolaborazioa eta konpromisoa”. “Gure gain hartzen dugu arazoari irtenbidea bilatzeko ardura", gaineratu du Ingurumeneko Diputatuak.

Asensiok nabarmendu ditu herritarren konpromisoa eta kontzientziazioa. Izan ere, Gipuzkoako lurraldean birziklatze maila altua da eta "ondo" birziklatzen da. "Kontzientziazio maila oso handia da, baina egia da oraindik zalantzak daudela hondakin zehatz batzuekin, non bota behar diren zehazteko garaian. Horregatik, kanpaina hau abiarazi dugu, herritarrak laguntzeko". Foru arduradunak azpimarratu duenez, "gaikako bilketa funtsezko faktorea da, hondakinen kudeaketa jasangarria bermatzeko".

Gaur abiarazi da kanpaina ingurumen hezitzaile baten bisitarekin herritarrei azaltzeko hondakin bakoitza zein edukiontzira bota behar den eta eduki dezaketen zalantzak argitzeko. Bisitak abuztuak 1era arte egingo dira eta hezitzaileak landa eremuetan bizi diren herritar guztiak bisitatuko ditu etxez etxe. Gainera, liburuxka informatiboa banatuko da. Halaber, tamaina handiko informazio panelak ezarriko dira gune bakoitzean. Panel horietan berriro ere azalduko da piktogramen bidez zein hondakin bota behar den edukiontzi bakoitzean. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide