Usadio zaharrak berreskuratzen

Maxixatzen.eus 2017ko eka. 16a, 11:15

Auzotarrak txondorra egiten hasi ziren lehen egunetan. (Argazkiak: IƱigo Zubeldia)

Urte batzuk atzera eginda, Elosua orain dela urte batzuetako bizimodua eta errealitatea antzezten dabil. Langintza zahar eta gogor batean murgilduta daude elosuarrak, txondorgintzan. Auzoa zahartzen eta husten ari dela ikusita, auzoa lehengoratzeko eta berpizteko nahiaren inguruan sortu zaie auzotarrei ideia. Elosuari eta elosuar izaerari zentzua eman nahi diote.

 

Olentzeroren urteroko jarduna da txondorra egitea. Oiartzunen urtero egiten dute, Leintzen ere egiten dira ahaleginak museoaren inguruan zerbait egiteko, eta Urbasa aldean txondorra etxerako diru sarreratzat duenik ere bada. Elosuan, Iñigo Zubeldia Elosuko auzotarren ordezkariak esan duenez, “mahai baten inguruan” hasi ziren txondorra egiten hasteko lanekin. “Ez dut uste inork proiektuak aurrera egingo zuela pentsatzen zuenik”, adierazi du Zubeldiak. Lanean auzoko bizilagun zaharrenak ari dira, ikazkintzan jardundakoak baitira. Oro har, auzo guztia ari da parte hartzen, bakoitzak ahal duen moduan eta neurrian.

10.000 kilo egur inguru txondortu dituzte, “gehiago ez bada”, dio auzoko ordezkariak. Hamabost egun egosten pasatu ostean, ekaineko lehen egunetan jasoko dituzte lehen ikatz aleak. Bi-hiru tona ikatz jasotzea espero dute gehienek. “Auzoan apustuak zabalik daude. Inor ez da erabat ados jartzen aterako dugun ikatz kopuruarekin”, gaineratu du Zubeldiak. Ateratako ikatza saldu eta auzo elkartea lagunduko dute bien bitartean.

Elizarena den eremu batean ari dira txondorra egiten, bertan haizeak botatako pago baten enborretik ateratako egur aleekin. “Elizako arduradunengana jo genuenean, atsegin handiz hartu gintuzten, eta gure egitasmoa babestu zuten”, azaldu du auzotarrak. Determinazio handia egon da txondorra egiteko orduan, eta, Zubeldiak azaldu duenez, “sortu diren maldak lautu ditu horrek”. Lanik “nekagarriena” haizeak bota zuen pagoa txikitzea izan zela esan du; dena dela, lan horretan ere ez zaie laguntzarik falta izan.

Txondorra gau eta egun zaindu behar izan dute. “Txanden kontua ezinbestekoa izan da”, dio Zubeldiak. Zainketa lanak ere izango du zerikusirik produktu ona lortzeko: “Sukaldean bezala, lehengai onak badu zerikusia”, gehitu du oraindik egoste trikimailuen nondik norakoak ondo ezagutzen ez dituen Zubeldiak.

Txondorra egitea, baina, ez da auzotarrek buruan duten lan bakarra; dokumental bat ere egin nahi dute. “Auzoko nagusiek duten jakinduria jasota gelditzeko, dokumentala egitea hasieratik jo da interesgarritzat”, adierazi du Zubeldiak. Hala eta guztiz ere, ez dute lanketa horretan jarraitzeko moduko materialik lortu. “Lan horretan jarraituko dugu”, esan du. Oraindik ez dute ezeri buruz hitz egin; “ekintza jakin bat” balitz bezala ikusten dute ordezkariek. Olentzerok egindako ikatzak adinako arrakasta izan dezatela Elosuan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide