Landa garapeneko programak bultzatzeko milioi bat euro bideratuko du Foru Aldundiak

Maxixatzen.eus 2017ko eka. 14a, 11:46

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Landaola federazioak hitzarmena sinatu dute 2017-2018 ekitaldian eskualdeetako landa garapen programak gauzatzeko.

 

Aldundiak milioi bat euroko diru-laguntza emango dio federazioari landa eremuek garapen osoa izan dezaten euren jarduera programak bultzatzeko. Landaola federazioa Gipuzkoako sei Landa Garapen elkartek osatzen dute: Behemendi, Deba Garaia, Debemen, Goimen, Tolomendi eta Urkome. Azpiegiturak, hornidurak eta oinarrizko zerbitzuak sortu eta hobetzea, bertako kalitatezko produktuak merkaturatzea, eta landa jarduera motak ugaritzeko enplegua eta diru sarrerak gehitzea dira, besteak beste, sinatutako hitzarmenak bilatzen duena.

Abaraxka Aterpetxean Landaola osatzen duten sei Landa Garapen Elkarteetako Zuzendaritza Batzordeko kideak elkartu dira onartu berri dituzten proiektuez hitz egiteko eta etorkizunera begira bultzatu beharko diren proiektuak adosteko.

Aldunditik jasotako diru-laguntza lau arlotan banatuko dituzte. %41a nekazaritza garapen arlora bideratuko dute, %24a bizi kalitate arlora, beste %24 jarduera ekonomiko atalera eta %11a sentsibilizaziora.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide