Gaztanenea Formakuntza Zentroak irudi korporatiboa berritu eta ekintzen eskaintza handitu du

Maxixatzen.eus 2017ko mar. 7a, 13:33

Javier Zubizarreta alkateak, Marijose Arregi zinegotziak, zentroko harrera bulegoko Joseba PeƱak eta Eli De Carle irakasle natiboak parte hartu dute gaurko prentsaurrekoan.

Gaztanenearen irudi korporatibo berria aurkezteaz gain, martxotik ekainera arte, Udalak zentro horretan antolatuko dituen ekintzen berri eman dute gaur goizean.

 

Hizkuntza Eskolaren gela desplazatuak martxan jarritakoan, Udalak esan zuen proiektua zabaltzea eta zerbitzu propioak eskaintzea zela asmoa. Horregatik, proiektuak identitate propioa behar zuela ikusita, izena eta irudi korporatiboa sortu dituzte.

 

16 urtetik gorakoentzat izango dira ingelesean trebatzeko eskaintza guztiak. Ekintzetan parte hartzeko aurrez izena eman beharko da Gaztanenea Formakuntza Zentroan. Doan izango dira ekintza guztiak. Autoikaskuntza gela erabiltzeko, berriz, liburutegietan erabili ohi den antzeko txartela eskatu beharko da.

Hauek dira eskainiko dituzten ekintza guztiak:

1-Autolearning: 

Nork bere kabuz hizkuntzak ikasteko gunea. Sei ordenagailuz hornitutako gela eta online ingelesa ikasteko dauden plataformen inguruko informazioa.

2-English for travel (oinarrizko maila):

Aireportu eta geltokietako hiztegia, hoteletako erreserba eta harrera, jatetxe eta tabernetako hiztegia, eta bidaiatzerakoan erabili ohi den oinarrizko hiztegia eta esamoldeak irakatsiko dituzte. 

3-Watching a movie:

Ikusiz ikasiz. Filmak jatorrizko hizkuntzan ikusteko aukera, taldean eta giro atseginean. Ingelesez eskainiko dituzte proiekzioak. 

4-Speech: 

Gurea ez den beste kultura batzuen inguruko hitzaldiak ingelesez, ingelesa ama-hizkuntza duen hizlari baten eskutik. 

5-Performance:

Barry Manley irlandar-euskaldunaren bakarrizketa. Bereziki ingelesa ikasten ari diren ikasleei zuzendutako komedia. Pasadizoen, musika inperfektuaren eta hausnarketa ezaren ondoren, mezu baikorra luzatzen du: hizkuntza ikasketak humanitatea salba dezake, Telecincoren eta Donald Trumpen aroan. 

6-Chit chat bar hop (Pintxo-potea, ingelesez): 

Ikasketaren eta aisialdiaren uztarketa, ingelesa jatorrizko hizkuntza duen partaide batekin. Solasaldirako talde irekia tabernetan ingelesa praktikatzeko elkarrekin. 

Eskaintza horietan izena emateko edo informazio gehiago jasotzeko deitu 943 54 16 50 telefono zenbakira. 

Loturan, ekintza guztien egunak eta ordutegiak.

 

Gaztaneneak irailean zabaldu zituen berriro ateak Hizkuntza Eskola Ofizialaren gela desplazatuak martxan jartzeko. Udalaren asmoa, ordea, beti izan da proiektua zabaltzea Udalak berak zerbitzu propioak eskainiz bertan. Egitasmoari izena eta irudia eman zaizkio eta gaur aurkeztu dituzte. 'Gaztanenea Formakuntza Zentroa' deituko da etxea eta logotipo propioa izango du. 

Aurkezpenean parte hartu dute Javier Zubizarreta alkateak, Marijose Arregi zinegotziak, Gaztanenean arretan lan egiten duen Joseba Peñak eta Hizkuntza Eskolako irakaslea den Eli De Carlek, jarduera batzuetan berak ere parte hartuko baitu.

"Udalaren nahia hizkuntzak ikasteko erraztasunak ematea da", esan du Javier Zubizarreta alkateak eta horixe da proiektuarekin lortu nahi dutena. Marijose Arregik esan duenez, "Gaztanenea Formakuntza Zentroa" izena jarri diote, etxearen betiko izena errespetatuz eta "Formakuntza zentroa" gehitu diote, formakuntzara zabaldu nahi dituztelako eraikinaren ateak. 

Logotipoari dagokionez, berriz, "eraikinaren hormak irudikatzen ditu eta barruan, koloretan, erabiltzaileak, herritarrak. Eraikina ez dago itxita, proiektua ikuspegi zabal eta malgu batetik ulertzen dugulako", gaineratu du Arregik.

Komunak, beheko solairuan

Udalak adierazi du zerbitzua hobetzearekin batera, lanean ari dela eraikinean hobekuntzak egiteko. Momentuz, konpromisoa hartu du aurten erabiltzen den beheko solairuan komunak egiteko, orain lehenengo solairuan baitaude.  

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide